Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatuko du eta Euskara Patronatuak diruz lagunduko du urria eta azaroan gauzatuko den egitasmoa
Ziurtagiriaren Elkarteak Azpeitiako Euskara Patronatuarekin elkarlanean Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapen kanpaina berria egingo du urrian eta azaroan. Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzea eta bere presentzia areagotzea helburu hartuta, Euskara Patronatuak 2000 euro bideratuko ditu proiektura, nahiz eta hedapena gehiago kostako den. Ziurtagiriaren Elkarteak teknikari bat jarriko du hedapena egiteko eta sustapen kanpainaren barruan Bai Euskarari Ziurtagiria ez daukaten 200 entitate inguru bisitatuko dira. Kanpainari amaiera emateko, dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateekin bat eginez, banaketa ekitaldia egingo da.
Momentuz 35 entitatek daukate Bai Euskarari Ziurtagiria Azpeitian eta dagoeneko hasita daude entitate horien ebaluazio lanak Ziurtagiria berritzeko. Izan ere, jada 10 urte bete ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak eta 2000. urtean Kontseiluak ziurtagiria sortu zuenetik bere bidea eginez joan da Azpeitian ere. Oraingoz, horietatik 10 entitatek "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila daukate, 19k "Zerbitzua euskaraz" maila eta 6k "Bidean" maila. Orain bultzada berria eman nahi zaio Ziurtagiriari udalerrian.
Bai Euskarari Ziurtagiria euskararen aldeko neurri zehatzak hartzen dituzten entitateak identifikatu eta kreditatzen dituen erreminta da. Euskal Herri osoan, 1.550 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria. Guztira, 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da Ziurtagiria; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena.
Bai Euskarari Ziurtagiriak 10 urteko esperientzia dauka; ibilbide luze eta oparoa egin du. Ibilbide horretan, orain dela hiru urte urrats garrantzitsua eman zuen Ziurtagiriak. Izan ere, zazpi urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, 2007an Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko eta gaur egun horretan dihardu, lan-munduan euskararen normalizazioan eragiteko helburu sendoarekin.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin