“Sarea(n), egin dezagun euskaraz”- Rober Gutierrez
Etxean, familian eta lagunartean, kalean eta eskolan, lantokian, harreman komertzialetan, administrazioan… Horietan guztietan bere zeregina betetzen du normalizatuta dagoen hizkuntzak; euskarak ere, biziraungo badu, eremu horietan guztietan erabilera normalizatua ezinbestekoa du. Gaur egun, hala ere, egoera horretatik urrun gaude.
Pertsonari euskaraz bizitzeko aukera errealak eskaini behar zaizkio. Hori hala, sarea euskararen erabilerarako eremu bat gehiago besterik ez da, baina gaur egungo gizartean eremu hori benetan da estrategikoa. David Crystal hizkuntzalari galesak nabarmendu zuen bezala, arriskuan dagoen hizkuntzak aurrera egingo du, besteak beste, baldin eta hiztunak teknologia berrietan iaioak badira.
Guztiok dakigun bezala, sare sozialetan pertsonen arteko harremanak eta elkarrizketak gauzatzen dira. Solasaldi horietan dagoen euskararen erabilera neurtzen dugunean, hiztunen hizkuntza-gaitasuna eta hiztunen dentsitateak eragin nabarmena dutela ikusi dugu.
Euskaraz edukiak sortzen eta eduki horiek zabaltzen ari den komunitate sendoa dago Interneten; sare erakargarria eta eraginkorra izateko urratsak ematen ari da, zirkuitu baten gisa funtzionatuko duena eta gero eta pertsona gehiago hartuko dituena bere baitan. Nik neuk eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak ere komunitate horren parte izan nahi dugu, euskara eta sarearen arteko loturari lan-mundua erantsiz. Beste foro batzuetan nabarmendu izan ditugu euskararen erabilerak lan-munduari dakarzkion onurak, hala nola: organizazioen arteko lehiakortasuna areagotzea, merkatuaren eskariari profesionaltasunez erantzutea, bezeroekiko gertutasuna eta konfiantza transmititzea, barrura begirako motibazioa, atxikimendua eta pertsonak asebetetzea, enpresaren irudia hobetzea… Sareak berak onurak dakarzkio euskarari eta guztien artean hizkuntzaren ikusgarritasuna eta edukiak sortzeko eta partekatzeko aukera nabarmenduko nituzke… Kontuan izan behar dugu, gero eta erabiltzaile gehiago dagoela sareetan era aktiboan parte hartzen ari direnak eta hauek enpresetako profesionalak direla, bezeroak, gizartearengan eragiteko ahalmena duten pertsonak. Beraz, berebiziko garrantzia du nire ustez hiru elementu horiek (euskara, sarea eta enpresa) uztartzen jakiteak.
Bestalde, zenbaitek blogen heriotzaz hitz egiten dutenean sortu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak berea. Ziurtagiriaren Elkartearen webgunearen berritze-prozesuarekin batera ulertu behar da baisarean.org blogaren sorrera. Izan ere, sare sozialekin uztartu dugu webgunea. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen eta enpresen arteko elkarreragina bultzatu nahi dugu, nola Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateekin, hala etorkizunean eskuratu nahi dutenekin edota soilik euskaraz lan egin nahi duten enpresekin.
Enpresa munduan euskara erabiltzea eta euskaraz lan egitea posible da, eta neurri berean, enpresa horiek sarea eta teknologia berriak euskaraz erabiltzea ere posible da. Hori sinesten dugu eta hori horrela izan dadin akuilu lana egingo dugu. Hemendik aurrera blogaren eta bestelako sare sozialen bidez ere bai.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin