Euskaraz, sine die

DIE sistema (Dokumentuen Igorpen Elektronikoa) ezagunagoa da bere gaztelerazko izendapenagatik, RED sistema (Remisión Electrónica de Documentos) alegia. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) enpresa, enpresa-talde eta profesionalei eskaintzen dien zerbitzua da eta bere helburua da GSDNk eta erabiltzaileek elkarren artean informazioa eta dokumentuak trukatzea. Esate baterako, enpresa eta langileen datuak eskura daitezke; halaber, kotizazio-agiriak, afiliazio-agiriak eta mediku-parteak bidal daitezke. Sarearen bitartez lan egiteko aukera eskaintzen du, erabiltzaileak bere bulegotik bertatik gestio hauek egin baititzake. Beraz, DIE sistemak Gizarte Segurantza eta enpresen arteko harremana errazten du, paperaren zirkuitua ezabatuz, datuen kalitatea hobetuz eta Administrazioaren bulegoetan itxaron beharra ekidinez. Abantaila ugari, ikus daitekeen bezala. 2011ko urtarriletik aurrera enpresak derrigortuta egongo dira internet bidezko sistema hau erabiltzera. Eta abantailen itsasoan iceberg batekin talka egingo dugu, EAE eta Nafarroako enpresak eta udalak behartuta egongo baitira Estatuko administrazioaren Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin gaztelera hutsez jardutera. Orain arte, aurrez aurre eta paperean eginez gero, posiblea zen euskaraz egitea. Bada, urtarriletik aurrera gaztelera izango da Estatu osoan erabili ahal izango den hizkuntza bakarra, ofizialak ere badiren gainerakoak bazterrean utzita. Urteak daramatzagu alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzen, lorpen handiak erdietsi dira, enpresa askok barneratu baitute euskara barruko funtzionamenduan, prozeduretan, hornitzaileekiko harremanetan, administrazioekiko gestioetan… Administrazioen erabakiek lagundu beharko lukete bidea atseginago egiten, euskaraz lan egin nahi duten enpresak aintzat hartu beharko lituzkete. Horren ordez hizkuntzaren biziberritzean egindako bidea nabarmen oztopatzen duten erabakiak hartzen ari dira. Hartu tartetxo bat eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian honen berri eman. Ea guztion artean epemuga jartzen diogun.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin