Guztira 47 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Azkoitian, Ziurtagiriaren bosgarren banaketa ekitaldian. Horietatik 6k "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila lortu dute; 18k "Zerbitzua euskaraz" maila; eta 23k "Bidean" maila. Azpimarragarria da, aurten 5 entitate berrik eskuratu dutela Ziurtagiria; beste bi entitatek berriz, maila igoera izan dute eta "Bidean" mailatik "Zerbitzua euskaraz" mailara igaro dira. Aldako Kristaldegia eta Aranbarri Drogeria dira mailaz igo diren entitate horiek. Atzo herrian bertan egin zen banaketa ekitaldian izan ziren Yolanda Larrañaga Azkoitiko euskara zinegotzia eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria.
Azkotiko Euskara zinegotzi Yolanda Larrañagak euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu zuren zuen Azkoitian egin den Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu zituen Larrañagak eta jarduera erabat euskaraz egitera animatu zituen: "Eskertzekoa da dendariok eta gainerako elkarte eta enpresok egiten ari zareten ahalegina eta Azkoitiko udalak bere jarduera euskaldundu nahi duen merkataritza guneari laguntzeko bitartekoak jarriko ditu".
Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak ere, ezer baino lehen, zoriondu egin zituen Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten Azkoitiko 47 entitateak. "47 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, eta benetan pozgarria. Baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: egunez egun ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena", gaineratu zuen. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu zituen jarraian: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu...
Bai Euskarari Ziurtagiriak 10 urte bete zituen aurreko ekainean eta urteurrena gogoan izan zuen Gutiérrezek atzoko ekitaldian. Izan ere, 2000. urteko ekainaren 13an egin zen Bai Euskarari Ziurtagirien lehendabiziko banaketa ekitaldia eta sektore guztietako 231 entitatek eskuratu zuten Ziurtagiria. Orduz geroztik ibilbide luzea egin da eta dagoeneko ia 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta 40.000 langile baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. Gutiérrezen esanetan, orain dela hamar urteko irizpide berarekin jarraitu behar da indarrak batuz eta biderkatuz: "Azken aldian maiz entzuten da hizkuntza-biziberritze prozesuetan liderrak behar ditugula, erreferenteak diren pertsonak eta taldeak behar ditugula. Nik ez nuke hizkuntzaren biziraupena balizko erreferente batzuen esku soilik utzi nahi, konbentzituta bainago denok izan gaitezkeela lider. Gure ingurune hurbiletik hasita, denok izan gaitezke iritzi-sortzaileak, motibatzaileak, eredugarriak, eraginkorrak, eragileak, konprometituak..."
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin