Barañaingo 36 entitatek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute

Guztira 36 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Barañainen, Ziurtagiriaren bosgarren banaketa ekitaldian. Horietatik 4k “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu du; 2k “Zerbitzua euskaraz” maila; eta 30ek “Bidean” maila. Azpimarragarria da, aurten 3 entitate berrik eskuratu dutela Ziurtagiria: Aritza Guraso Elkarteak, Barañaingo Euskal Kantak Elkarteak, eta Los Porches tabernak. Hiru entitatek berriz, maila igo dute eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren goreneko “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila izatea lortu dute. Entitate horiek Lurraska, Haize Kultur Elkartea eta Mungia Altzari Montaketa dira.  Banaketa ekitaldian izan dira Jose Antonio Mendive Barañaingo alkatea eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria. Baita PSN, IU eta NaBai alderdietako udal ordezkariak ere.

Jose Antonio Mendive, Barañaingo alkateak (UPN) Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu ditu eta Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen jarraituko duela ziurtatu du, bere esanetan hizkuntzak zaindu egin behar baitira: “Barañaingo Udalaren ustez, hizkuntzak gorde, zaindu egin behar dira eta bere erabilera errekuperatu behar da. Eta horixe da Barañainen egiten ari garena: euskara bultzatzen ari gara Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez”. Eta gaineratu du, helburu hori lortzeko Udalak, gizarte erakundeek eta euskalgintzak guztiek batera egingo dutela lan.

Zentzu horretan, Barañaingo Udalak urte batzuk badaramatza herrian euskararen erabilera bultzatzen: “36 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, adierazi du Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gaur Barañainen egin den Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu ditu jarraian: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu...

Gutiérrezen esanetan, Bai Euskarari sortu zeneko irizpide berarekin jarraitu behar da indarrak batuz eta biderkatuz:  “Azken aldian maiz entzuten da hizkuntza-biziberritze prozesuetan liderrak behar ditugula, erreferenteak diren pertsonak eta taldeak behar ditugula. Konbentzituta nago denok izan gaitezkeela lider; gure ingurune hurbiletik hasita, denok izan gaitezke iritzi-sortzaileak, motibatzaileak, eredugarriak, eraginkorrak, eragileak, konprometituak…”

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin