Hona hemen otsailaren 1ean Donostiako Victoria Eugenia Clubean ospatu zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldiko diskurtsoa. Arratsalde on guztioi! Gaur hemen jende mordoxka elkartu gara. Era askotako jendea, gainera. Eta gu guztiok, elementu komun batek elkartu gaitu: Bai Euskararik… Euskarak. Eta Bai Euskarari zerbait bada, bere atzean zaudeten pertsona guztiengatik da; lan munduan, arlo sozioekonomikoan oro har, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko lanean ari zareten guztiongatik. Hemendik kanpo ere, banako ugari daude euren eskualdean, herrian, auzoan edota etxean euskara erabiltzeko hautua egina dutenak, euskaraz bizi nahi dutelako, euskaraz lan egin nahi dutelako, euskaraz erosi eta saldu nahi dutelako, euskaraz ikasi nahi dutelako, euskaraz dibertitu nahi dutelako edo euskaraz amestu nahi dutelako... Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziaraziko dituzten pertsonarik gabe. Horregatik, zuon lana benetan eskertzeko eta txalotzeko modukoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Izan ere, ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan. Bai Euskarari Ziurtagiria arlo horren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat beste batzuen lanaz baliatzen. Hortaz, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak. Eragile sozioekonomikoak hizkuntza-normalizaziorako agente bihurtu behar dira, eta horretarako bitartekoak eskaini behar zaizkie. Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek hizkuntzak kudeatu behar dituzte, eta hizkuntzak hautatzeko garaian 3 faktorek eragiten dute nagusiki: legedia, merkatu-irizpideak eta entitate horretako erantzukizun soziala. Europako Komunitateetako Batzordeak orain dela urte batzuk argitara eman zuen Liburu Berdean ageri zen bezala, ardura soziala hartzeak ez du betebehar juridikoak soilik esan nahi, haratago joan eta giza kapitalean, ingurunean nahiz solaskideekin harremanetan inbertitzea ere esan nahi du. Euskararen lurraldeetan, administrazio guztiek urrats ausartak eman behar dituzte corpus juridikoari gagozkiolarik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak babeste aldera: produktuen etiketajean, errotulazioan, bezeroarekiko arretari dagokionez… Horren harira, Eusko Jaurlaritzak berriki atera duen “Euskara: Erabilera, Jarrerak, Politikak” ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 86aren arabera, hizkuntza guztiek garrantzi bera dute gizateriarentzat eta bizi iraun dezaten neurriak hartu behar dira. Azpimarratu ere egiten da neurri politikoak hartu behar direla, nahiz eta ez izan guztien gogoko. Ildo honetan, % 81ek adierazi dute kontsumitzaile eta erabiltzaileek beti eskubidea dutela euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko saltoki, enpresa eta administrazioaren aldetik. Euskararen lurraldeetan, Administrazioari dagokio, administrazio guztiei dagokie, hizkuntza politika eraginkorra definitzearen lidergoa bere egitea, diskurtso egokiak gizarteratzea eta euskaraz bizi ahal izateko baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko aproposak bideratzea gizarte-eragileekin elkarlanean eta egoki koordinatua. Dagoeneko Euskal Herri osoko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate inguruk eskuratu duzue Bai Euskarari Ziurtagiria eta guztira 40.000 lagun baino gehiago ari zarete Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin du dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiriak. Esan erraz egiten da, baina arian-arian egindako lan andanaren ondorioa da. 2000. urteko ekainaren 13an banatu ziren lehen aldiz Ziurtagiriak. Ordutik, helburu irmo bati jarraitu dio Bai Euskarari Ziurtagiriak: arlo sozioekonomikoaren euskalduntzeari. Indarrak batuta, ibilbide honetan guztian, proiektu eta egitasmo ugari eraman ditugu aurrera, eta etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmo sendoa dugu. Azken urte honetan, Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritan zabaltzeaz gainera, Bai Ziurtagiridunen Aldizkaria argitaratu dugu; Lazarraga Sariak antolatu ditugu Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan; urteroko publizitate kanpaina aurrera eraman dugu; Euskaliten Kalitate eta Bikaintasunaren Astean parte hartu dugu; webgunea berritu dugu eta bere edukiak osatu ditugu, Baisarean bloga sortu dugu eta sare sozialetan murgildu gara, berebiziko garrantzia baitu gure ustez euskara, sarea eta enpresa uztartzen jakiteak. Eta 2011. urte honetan ere ez gaude geldirik egoteko, urrats biziak ematen jarraitu nahi dugulako. Ekitaldi hauxe da urtea hasteko egin dugun lehen urratsa, eta aurrera begira are urrats biziagoak etorriko dira.
Azken batean, beraz, Bai Euskarari-k urrats biziak ematen jarraituko du. Hau guztia, ordea, guk bakarrik ezin dugu aurrera eraman. Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen nahiz entitate horietan dauden pertsonen parte-hartzea ezinbestekoa da. Argi baitago bakoitzak beretik hasi behar duela hondar aleak jartzen. Gure portaerak, euskararekin leiala izateak, eragin nabarmena baitu hizkuntzaren normalizazioan. Argi izan behar dugu halere, ez gaudela bakarrik, helburu berarekin diharduten pertsona-sare zabala dugula inguruan. Orain dela hamar urte Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zenean, indarrak bildu eta elkarrekin lan egitea izan zen gure erronka. Sortu zeneko irizpide berari jarraituz indarrak batu eta biderkatu behar ditugu, bikoizketak saihestuz eta osagarritasuna bilatuz, elkarlanean. Elkarrekin lan egin, bai, eta erreferente egokien gidaritzapean. Ez da erronka makala, jakina! Hizkuntzaren biziberritzean, euskararen ezagutza eta erabilera areagotuko baditugu, liderrak behar ditugu, erreferenteak diren pertsonak, entitateak eta enpresak behar ditugu. Ni konbentzituta nago gure ereduarekin denok bete dezakegula rol hori, maila pertsonalean eta profesionalean. Denok izan gaitezke eta denok izan behar dugu euskararen lider. Mila esker!
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin