Elkarrekin
Euskarak erabilera esparruak irabazi behar ditu bizitzako alor guztietara (hezkuntza, lan-mundua, aisia, kirola, artea…) zabalduaz, soilik bakan batzuetara mugatu gabe. Ideia nagusi horrekin euskaltzale orok bat egingo duelakoan nago. Helburua zein den argi izanda, nola egin eta eragin da kontua, eta hor dago koska.
Eta nola egin/eragin horretan indarrak sakabanatu egiten ditugunaren sentsazioa izaten dut askotan. Mundu globalizatu honetan kuantitatiboki euskaltzaleak (euskaldunak terminoak hartu ditzakeen adiera desberdinak baino zabalagoa iruditzen zait) gehiegi ez garen arren, kualitatiboki azpimarratzeko lana egiten da euskararen biziberritzearen alde. Handia eta ona, esango nuke. Helburua argi dago: euskaraz bizi ahal izateko baldintzak efektiboki bermatu daitezela egunerokotasunean. Baina jomuga bera izanagatik, ordea, egoera hori eman dadin hartu beharreko bidean adostasuna ez da neurri berean ematen. Iritziak asko dira zentzu horretan eta guztiak balekoak izan badaitezke ere (ez naiz balorazioetan sartuko) sakabanatze horrek ahuldu egiten gaituela esatera ausartuko nintzateke (bikoizketak, deskoordinazioa, ezagutzaren partekatze eskasa, etab.).
Potentziala handia delako, euskararen inguruan sortzen eta etorkizunean sortu daitezkeen ekimen eta sinergia positibo horiek baliatu beharko lirateke eskutik heldu eta koordinatuta, elkarren berri izanaz, aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Norbera bere kabuz ibili beharrean, elkarguneak topatzea ezinbestekoa da indarrak batuz lorpenak gehiago eta garrantzitsuagoak izango baitira, zalantzarik gabe.
Arkaitz Illarramendi
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin