Zenbait zerbitzu elebitan eskainiko ditu ANAPEHk

Bere bazkideei eskaintzen dizkien zerbitzuetako batzuk elebitan ematen hasiko da Asociación Navarra de Pequeña Empresa de Hostelería (ANAPEH) elkartea. Modu horretan, Bortziriak, Malerreka, Baztan, Sakana eta Leitzaldeko 57 ostalarik eginiko eskaera bateratuari erantzungo dio. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak zubi lana egin du prozesuan eta ostalarien eskaerak transmititu zizkion ANAPEH ostalarien elkartearen ordezkaritzari, joan den urte amaieran eginiko bileran. Besteren artean, ANAPEHrekin duten harremanean euskarari gero eta toki zabalagoa ematea eskatzen zuten ostalariek. Bide horretan sakontezeko eta urratsak emateko eskatzen zuten: jendaurrean jartzen diren agiriak (oharrak, prezioak, ordutegiak, etab.), webgunea, nominak, komunikazioak… euskaraz jasotzen hasteko urratsak eman zitezela. Egun batetik bestera gaztelera hutsez funtzionatzetik elebitan funtzionatzera pasako ez badira ere, azpimarragarria da ANAPEHko zuzendaritza urrats zehatzak ematen hasi dela 2011ren lehen hiruhilekoan. Batetik, elkartearen logotipoa euskaraz eta erdaraz jartzearekin batera, euskarazko siglak ere erabiltzen hastea erabaki dute. Bestetik, bazkideen artean banatzen duten inkesta elebitan izango da. Hirugarrenik, elkartekideak hiru multzotan banatu dituzte: eskualde euskalduna, mistoa, eta erdalduna. Eskualde euskalduneko eta mistoko ostalariek zirkularrak elebitan jasoko dituzte aurrerantzean... Asmoa eta borondatea erakutsi dute, eta ez da gutxi. Halere, abiapuntu diren urrats horiek handitzen eta areagotzen jarrai dezaten jarraipena egin beharko da datozen hilabeteetan eta langintza horretan onuragarri diren ostalariak inplikatzea interesgarria litzateke, beraiek nabarituko baitituzte ongien aurrerantzean emango diren aldaketak.

Arkaitz Illarramendi (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen teknikaria)

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin