Bai Euskarari Ziurtagiriaren "Bidean" maila eskuratu du Urnietako Kirol Elkarteak eta gaur Urnietako Lekaio kultur etxean egin den prentsaurreko-ekitaldian jaso du Ziurtagiria Kirol Elkarteko presidente Ismael Hernándezek Ziurtagiriaren Ekartearen zuzendari Rober Gutiérrezen eskutik. Hernández pozik azaldu da Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutelako. Izan ere, haren esanetan, clubean euskara txertatzeko lorpen garrantzitsua da Ziurtagiria. Gutiérrezek berriz, Hernández bera eta Kirol Elkarte osoa zoriondu ditu eta hasitako bidean, euskararen alde urrats biziak ematera animatu ditu.
Urnietako Kirol Elkarteak 28 urte daramatza herriko kirolaren alorrean lanean, eta guztira 300 kirolari inguruk eta 30 arduradunek osatzen dute elkartea. Kirol Elkarteko presidente Ismael Hernéndezen esanetan, Urnietako Kirol Elkartean saiatzen dira inguruneko beharrak kontuan izaten eta horietara egokitzen. Horrexegatik, euskara kontuan hartzen dute elkartean eta gero eta toki handiagoa izan dezan lanean dihardute azken urteetan: "Talde handia gara eta beraz, guretzat ez da erraza tekniko nahiz arduradun guztiek hizkuntza-perfil ona izatea". Edonola ere, elkartean dauden 30 arduradunetatik (teknikoak eta zuzendaritzako kideak kontuan hartuta), % 80k euskara badaki; jokalarietatik berriz, ia denek dakite eta erabiltzen dute euskara. Hernándezek azaldu duenez gainera, tekniko berriak hartu behar dituztenean euskara kontuan izan dute eta saiatzen dira teknikoaren eta kirolarien arteko harremanak euskaraz izan daitezen.
Honengatik guztiagatik Hernándezek aitortu du iritsi dela Kirol Elkartearen barnean euskara sustatzeko pauso berriak emateko garaia: "Bai Euskarari lortu ostean Ziurtagiriaren Elkartetik markatu dizkiguten helburuak lortzeko ahalegina egingo dugu eta hartu beharreko neurriak hartuko ditugu. Horrela euskararen alde lana egiteaz gain, argi geratuko da Urnietako Kirol Elkartea erantzukizun sozial handia duen organizazioa dela".
Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezentzat ere garrantzitsua da Urnietako Kirol Elkartea bezalako entitate batek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu izana, lan munduari ez ezik, kirolaren nahiz aisialdiaren alorrari ere eragiten diolako: "Elkarteak euskararen alde hartzen dituen neurriek Urnietako nahiz aldameneko herrietako ingurune zabal batean izango dute eragina eta hori benetan poztekoa da".
Gutiérrezek azaldu duenez, lan munduaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da Bai Euskarari Ziurtagiria. Dagoeneko Euskal Herri osoko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate inguruk eskuratu dute eta guztira 40.000 lagun baino gehiago ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean: "Indarrak batuta, ibilbide honetan guztian, proiektu eta egitasmo ugari eraman ditugu aurrera, eta etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmo sendoa dugu".
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin