Korrika ingelesa (Juan Kruz Lakasta)

Itxura guztien arabera hauteskundeak gertu zirela eta, UPNko agintariek ez zioten trabarik jarri azken Korrikari. Ibilbidea aldatzeko agindurik ez, festak egiteko debekurik ez, amuarrainaren legez kanpoko arrantzaren apologia egitearen akusaziorik ez. Jada ohitura zahar bilakatuak ziren traba administratibo eta manipulazio politiko horiek gabe, egiaren aitortzeko sekula baino gehiago kostatu zitzaidan Korrikan parte hartzeko aski indar biltzea. Sekula baino gehiago kostatu zitzaidan txandala eta zapatilak janztea aurtengo Korrikara joateko. Eskerrak egin nuen; izan ere, sekula baino gehiago gozatu nuen, ikusiz gure hiru urteko alabak, Maddik, nola gozatu zuen, hasiera hasieratik txalo, oihu, korrika eginez,guztiz euforiko. Esan gabe doa sekula ez diogula euskarari buruzko txaparik sartu. Ez dakiela deus milenarismoez eta erasoez. Gure alabaren euskararekiko atxikimendua funtzionaltasunarekin, sentimenduekin,naturaltasunarekin loturikoa da. Euskaraz jasotzen du bere gurasoen maitasuna. Euskarazkoak dira gehien gustatzen zaizkion bideoak -Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak- gaztelerazkoak badituen arren. Euskara da hobekien ulertzen duen hizkuntza, gazteleraz ere badakien arren. Horregatik pozten da gure Iruñea nagusiki erdaldun honetan ezezagun batek -dendari batek,konparaziora- euskaraz egiten dionean. Horregatik jarri zen euforiko azaldu geniolarik Korrika euskararen aldeko festa zela eta han zen jendetza hura guztia euskararen aldekoa zela. Esan gabe doa askoz gehiago gustatzen zaidala Maddiren diskurtso soziolinguistikoa bere aitarena baino. Askoz biziagoa eta eraginkorragoa iruditzen zaidala. Uste dudala badela garaia berea zabaltzeko eta bere aitarena gainditzeko. Irakurlea dagoeneko hasiko zitzaion bere buruari galdetzen ea zer zerikusi duen honek guztiak lan munduaren euskalduntzearekin. Kontua da artikulu hau eskatu zidatelarik,Korrika amaitu berria zela, eta nik gogoan nuela bai Maddiren irudia, baita Nafarroako Hitza-ko lankide eta lagunak ere. Haiek ere euforiko jarri ziren Korrikan, Iruñeko bihotzean lekukoa eraman zutelarik. Kilometroa,baina, ez zuten haiek ordaindu baizik eta, kasu, El Corte Inglés-ek. Azalera handiko saltokiak Korrika guztietan ordaintzen du kilometro garestienetako bat Iruñeko erdigunean, eta antolatzaileen esku uzten du hori nori oparituko dioten erabakitzea. El Corte Inglés ez da edozein azalera handiko saltoki. Espainiako ekonomiako ikur nagusietakoa da. Eta UPNko agintariek sekulakoak eta bi egin zituzten ikur hori Iruñeko bihotzean paratu ahal izateko. Nafarroako Liburutegi Nagusia eraikitzeko baliatu behar zuten orubea birkalifikatu eta hantxe jarri zuten Isidoro Álvarezen denda erraldoia. Harrigarriki, baina, hasiera-hasieratik Álvarezek UPNrena ez bezalako hizkuntz-politika ibili du.Korrikako detailea gutxi bailitzan, Espainiaren ekonomiaren ikur den azalera handiko saltoki horrek, non eta Nafarroa bezalako nortasun propio eta bereiziko erkidegoko hiriburu linguistikoki gatazkatsuan, bere eraikineko kartel guztiak euskaraz eta gazteleraz jarri ditu, bi hizkuntzetan tamaina eta kolore-intentsitate bereko hizkiak erabiliz, agintari erregionalisten eredu(txarr)a bazterrean utzirik. Martxa honetan, aurki Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratuko du. Edo ez. Edonola ere, bistan da El Corte Inglés-en euskararekiko atxikimendua funtzionaltasunarekin loturikoa dela. Haiei bost axola milenarismoak eta aspaldiko garaietako zein egungo erasoak. Haiei axola zaiena da jarrera euskaltzaleak bezeroak irabazten laguntzen diela. Ez duela inor uxatzen. Eta hainbat erakartzen dituela. Jakin badakite-eta euskaldunak bere hizkuntz eskubideekiko errespetua zinez eta bihotzez eskertzen duela. Funtzionaltasuna eta sentimenduak, elkarloturik. Badira, jakina, enpresek aintzat hartzeko moduko beste hainbat faktore. Baina, ene -alabaren?- uste apalean,nagusia horixe da: El Corte Inglés bezalako enpresa batek Iruñea bezalako hiri batean erakutsitako jarrerak ederki erakusten duenez, euskara lan munduan sartuz asko dago irabazteko eta gutxi galtzeko. Euskarak funtzionatzen du, euskaldunok maite dugulako.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin