Bai Euskarari Ziurtagiriak sendo jarraitzen du Bortzirietan

San Juan gauarekin batera eta Lesakan erosketak euskaraz lelopean, aitortza publikoa egin zien atzo Lesakako Euskara Batzordeak Bai Euskarari Ziurtagiria duten bertako 33 entitateei. Modu horretan, beren lan esparruan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko neurriak hartu dituzten denda, ostatu eta elkarteak zoriondu nahi izan zituzten. Zehazki, arlo sozioekonomikoan euskararen alde emandako eta herritarrok hobekuntza gisa atzematen ditugun urrats biziak azpimarratu zituzten, hala nola lehendabiziko hitza euskaraz egitea, errotulazioa euskaratzea, agiriak, inprimakiak eta fakturak bezeroei euskaraz helaraztea edo eta langileen kontratu, nomina eta bestelako dokumentuak euskaraz egitea, besteren artean. Aldi berean, euskarari ematen zaion tratamendua aintzat hartzea eta “euskararen alde konprometitzen diren ostatu, denda eta bestelako zerbitzuak aukeratzeko” deialdia luzatu zieten herritarrei Euskara Batzordeko ordezkariek. Bortzirietatik aldendu gabe, eskualdeko 100 entitatek (zerrenda osoa www.baieuskarari.org webgunean dago ikusgai) berritu dute Bai Euskarari Ziurtagiria aurten eta 2012 urteari begira eguneroko lan jardunean urrats biziak ematen jarraitzeko borondate irmoa berretsi dute. Horietatik 27k Zerbitzua eta Lana Euskaraz goreneko maila dute, 51k Zerbitzua Euskaraz eta gainontzeko 22k Euskararen Bidean maila. Aurrerantzean ere Bai Euskarari Ziurtagiria entitate berrietara zabaltzeko asmoarekin, eragite lana egiten jarraituko da. Ildo horretatik, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapen eta hedapen kanpaina jarriko dute abian uztailetik aurrera eskualdeko entitateak egitasmora erakartzeko xedearekin. Kanpainaren helburua, enpresa, denda, ostatu eta era guztietako entitateek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta beren eguneroko lan jardueran euskararen presentzia areagotzeko neurri zehatzak hartzera animatzea izango da. Horretarako, teknikari batek aurrez-aurreko bisitak egingo ditu egitasmoari buruzko azalpenak emateko.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin