Aurten ere, iaz Basalarrina euskara elkarteak eta Udalak elkarlanean hasitako bideari jarraipena emango zaio. Izan ere, iaz euskararen normalizazioaren bidean konpromiso maila ezberdina hartu izana adierazten zuten 16 ziurtagiri banatu ziren Laudion, herriko enpresa, elkarte, merkatari, ostalari eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzten profesionalen artean.
Euskal Herrian jada 1.500 ziurtagiri baino gehiago banatu izan dira eta eragileek urtero harturiko konpromisoak bete dituztela ziurtatzeaz arduratzen da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea. Euskara jakin ez arren gutxieneko konpromisoak hartzen dituztenek "Bidean" ziurtagiria eskuratzen dute, zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenek "Zerbitzua euskaraz" eta zerbitzuaz gain barne mailan euskaraz lan egiten dutenek "Zerbitzua eta lana euskaraz" ziurtagiria.
Bai Udalak eta bai Basalarrinak euskararen presentzia eta erabilera normalizatzeko konpromisoak hartu dituzten eragileek horiek betetzeko laguntza eskainiko die (paisaia linguistikoaren egokitzapena, idazkien eredu elebidunak...).
Ziurtagiria eskuratzeko prozesua
"Bai Euskarari Ziurtagiria" elkarteko kideak eskatzailearengana hurbildu eta bere hizkuntza egoeraren diagnosia egiten du, ondoren egin litezkeen hobekuntzak bi aldeen artean adostu eta konpromiso moduan dokumentu batzuetan jasoz. Agiri hori betetzearekin batera dagokion konpromiso izaerako "Bai Euskarari Ziurtagiria" ematen zaio. Azkenik, hartutako konpromiso horien betetze maila urtero burutuko dute ziurtagiriaren elkartekoek, egindakoen arabera konpromiso berri batzuk hartuz, dagoen daudenak mantenduz edo, horiek bete ezean, konponbide bat bilatuz.
Hartara, Laudioko Udalak 2011n Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin hitzarmen bat sinatu du orotara herriko 50 denda, taberna, enpresa txiki zein elkarteen euskararen presentzia eta erabileraren azterketa egin, hizkuntza konpromisoak zehaztu eta horien beteketen kontrola egitearen zerbitzuagatik. Ziurtagiriaren Elkarteak irailaren 19an hasiko du zeregin hori eta abenduaren 16an amaituko du. Zerbitzu horrek guztira 2.950,00 euroko (% 18ko BEZ barne) gastua du, 50 euro gehi BEZ ziurtagiriko.
Informazio gehiago nahi izanez gero Euskara Arlora (Tf: 944034890 / euskara@laudiokoudala.net) edo Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartera jo dezakezue (info@baieuskarari.org / Tf: 902 43 00 26).
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin