Etxeko laguntzaileek lanean euskara ikasi
2011ko urritik aurrera familia euskaldunetan lan egiten duten laguntzaileei eta beraien enplegatzaileei zuzendutako euskara ikasteko proiektu pilotu bat eskainiko da. NEL -Nik ere euskaraz lanean- proiektu honen berritasuna da familiek eta laguntzaileek elkarrekin ikastea, pausoz pauso, beren lan-harremana euskarazkoa izan dadin.
Proiektu hau gure gizarteko bi errealitatetatik sortu da: alde batetik, familiak eta batez ere pertsona nagusiak bere eguneroko bizitzan etxean edo kanpoan bizi den laguntzaileen laguntza behar izatearen errealitatea dago. Familia edo pertsona nagusi euskaldunen kasuetan horrek askotan esan nahi du bere ohiko hizkuntza aldatu egin behar dutela, lanbide horretan ari diren langile asko beste jatorrizko hizkuntza bat duten etorkinak baitira.
Aldi berean, etorkin askorentzat euskara ikastea ez da erraza, dirua eta denbora inbertitu behar direlako eta beraien lehentasuna eguneroko bizitza irabaztea izanez, euskarak lanerako balio ez duen bitartean, ez baitiote motibazio handirik ikusten hura ikasteari.
Tailer honen bitartez, beste bide bat proposatu nahi dugu, bi errealitate horiei erantzunak emango dizkiena. Hasiera batean tailer hau lanean ari diren pertsonei eta beraien enplegatzaileei zuzenduta dago. Etorkizunari begira gure asmoa da, hala ere, bien aldetiko interesa kontuan hartuz, eta behar horietatik abiatuz, euskara ikasten dutenentzat eta langilea bilatzen duten familientzat lan-poltsa bat sortzea; eta NEL proiektu honen eredua beste sektore batzuetara zabaltzea, nekazaritzara edo ostalaritzara, esate baterako.
Donostiako Caritaseko ‘Laguntza Etxea’n lau hilabeteko tailer bat eskainiko da (langileak astean bi ordu, familiak hilean bi ordu egingo dituzte); langileak bere lanarekin lotutako esamoldeak, komunikaziorako egiturak eta hitzak ikasiko ditu eta, aldi berean, hizkuntza berri bati hurbiltzeko teknikak. Familiak hilean behin ikasiko du nola egin dezakeen euskaraz pausoz pauso hizkuntza hori oraindik gutxi menperatzen duen pertsona bati ikasten laguntzeko, prozesu hori bientzat emankorra eta lagungarria izan dadin.
NEL proiektu honetan elkarte eta erakunde ezberdinak arituko dira elkarlanean: Banaiz Bagara, Emun Koop., Caritas, Esperanza Latina, Donostia, Buruntzaldea (Andoain, Urnieta, Hernani, Lasarte) eta Villabonako Udalak (euskara, inmigrazio eta gizarte sailak) bakoitzak gai honetarako bere esperientziak eta bere esku dituen baliabideak ekarriz. NEL proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren dirulaguntza jaso du.
FITXA TEKNIKOA
- Iraupena: urria 2011– urtarrila 2012 (28 eskola-orduak, 8 tutoretza-ordu)
- Non: ‘Laguntza Etxea’, Ategorrieta – Donostia.
- Prezioa: Egitasmo pilotua doako parte-hartzearekin.
- Partaide-kopurua: 12 familia eta enplegatu
- Irakasleak: BANAIZ BAGARA Elkartea, EMUN kooperatiba.
- Izena ematea eta informazioa:
Telefonoz 943 711847 / 645 733 818
Emailez:
banaiga@gmail.com
Bertan: Laguntza Etxea (Caritas), Intxaurrondo kalea, 30, Donostia
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin