Hizkuntza lidergoaren golak
Produktibitate eta konpetibitate eredua krisian ei dago. Garai hauetan futbola bezalako entretenimenduak behar ditugu sumindurari aurre egingo badiogu. Nabarmen botika ona da futbolak dituen audientziak kontuan hartzen baldin baditugu. Audientzia-liderra da askotan.
Max Weberren esanetan lidergoa “beste pertsona batzuen jokabidean eragiteko gaitasuna da”. Argi dago lidergoa eta boterea ongi ezkontzen direla. Hurbil sumatzen dut nik futbolaren boterea: futbol minez sumatzen ditut nik irail honetan ingurukoak eta benetan zail zait kirol albisteengandik ihes egitea. Ernegatzen naute kirol albiste arroxek zein botere-negozio horren berbakerak baina nahi gabe ere hor daude atezuan!
Ez da garrantzirik gabekoa boterea dutenek zein hizkuntzatan bideratzen duten botere hori, edota zertarako erabiltzen dituzten hizkuntza ezberdinak. Erakargarritasunari hizkuntza jartzen diote, portaeraren modelajea egiten dute. Galdetu, bestela, Mourinhoren errepresentantearen telefono zenbaki bera izan zuen Usurbilgo semeari zein hizkuntzatan aritu zen amarrutan; ez etxekoan behintzat! Dakizuen bezala, Usurbilgo gazte lokal batetik zabaldu zen Real Madrideko entrenatzailea taldea uztekotan zela. Kontua da Usurbilgo gaztea kazetarien jazarpenaz nazka-nazka eginda zegoela bere telefonoan jasotzen zituelako Mourinhoren bozeramalearen deiak eta kuadrillan bilduta ofizio gutxiko kazetariei adarra jo zietela sano.
Futbolaren negozioan, inguruko enpresetako botereguneetan bezala, erdarak dira nagusi. Hala izanik ere, baieztapen biribil horrek gure gizartearen konplexutasuna ezkutatzen digu. Dena ez da zuri edo beltz. Organizazio batean elkarrekintzan daude hizkuntz gaitasun, hizkuntz jarrera, hizkuntz ideologia eta hizkuntz portaera ezberdinak modu dinamikoan. Lan munduko organizazio adina egoera aurki genitzake. Errealitate hori boterearen gauzapenarekin erkatzen badugu, argazki argigarria atera genezake.
Botereaz ari garela esan dezakegu botere maila berarekin izan zaitezkeela Guardiola ala Mourinho. Lidergoa garatzeko bi eredu. Bere ahalmena eraikitzeko tresna ezberdinak darabiltzate biek. Niri gehiago gustatzen zaizkit Davidenak, oi…barkatu, Guardiolarenak… bere tresnak ahulagoak badira ere sufritzen dugun futbol-sistema korporatibo basati honetan. Nahiago ditut bere arriskuak taldekideek legitimitatea eta autoritatea eman diezaioten. Honetan datza bere indarra.
Bizitza nolakoa den… Mou hizkuntz interpretea izan zen Bartzelonan. Ofizioak, ordea, ez du bermatu hizkuntz jokaera ekologikorik. Komunikazio tresna huts gisa erabili ditu hizkuntzak eta ez du hizkuntzen atzean dagoen bizitza aintzat hartu, hain mediatikoa den arloan ez dio sinbolismoari erreparatu. Besterik da Guardiolaren artea komunikazio eraginkorrari dagokionez. Eraldatzen ari da sistema oso bat, eredu aurrerakoiagoa sortzen.
Baditugu Guardiolaren tankerako pertsonak gure enpresetan. Euskara planak ugaldu ahala, gero eta pertsona eraldatzaileagoak ezagutu ditugu baina badira bestelakoak ere. Gure enpresetako botereguneetan gizarteko hizkuntza aniztasunari uko egiten dionak elebakar jokatuta, Mourinhoren zuriaren aldera ari da; ez Guardiolaren blaugranaren aldera begira.
Aitortu behar dut badudala futbolarekiko perbertsio txiki bat. Futbol zale ez naizen arren, asko gozatzen dut Josep Guardiolaren prentsaurrekoekin. Ez da bakarrik gure Pep guapoago dagoelako burusoildu denetik, ez! Krisia eramaten laguntzen dit bere erantzunen errepertorioa entzutean --orain katalanez, orain gaztelaniaz, orain ingelesez…-- zer nahi duzue esatea… Horrela, aniztasuna hobeto kudeatuko duen ereduaren esperoan geratzen naiz txintxo-txintxo telebistari begira eta ez naiz hain suminduta sentitzen. Pepen hizkuntz ereduak harrapatu nau golak ikusteko zain.
Nekane Goikoetxea
Mondragon Unibertsitatea, HUHEZI Koop. E.
Soziolinguistika Klusterreko
Eralan egitasmoaren zuzendaria
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin