Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian Azkoitiko 56 entitatek euskararekiko konpromisoa berretsi dute

Guztira 56 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate izan dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutenak Azkoitian, Ziurtagiriaren seigarren banaketa ekitaldian. Udaletxeko areto nagusian egindako ekitaldian Ziurtagiriaren Elkarteak 16 ziurtagiri banatu ditu; bederatzi egitasmora batu diren entitate berriei, eta beste 7, mailaz igotzea lortu dutenei. Agurtzane Epelde Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotziak eta Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak banatu dituzte Ziurtagiriak. 

Lehenengoz bederatzi entitate hauek jaso dute Ziurtagiria: Ambato okindegia, Andueza moda, Bizkargi musika eta dantza eskola, Dean taberna, Koxka Kafetegia, Leire Oroz hortz klinika, PSOE taberna, Truck arropa denda eta Uria sukaldeak daude –Dean eta Koxka tabernek “Zerbitzua” maila lortu dute eta gainontzeko guztiek “Bidean” maila–. Mailaz igotzea lortu duten establezimenduak, berriz, zazpi hauek dira: Etxaniz auto-eskola, Itziar arrandegia, Lur natur denda, Martitte jatetxea, Olaberri pub eta Azkoitiko EAJ-PNV –azkenak “Zerbitzua” mailatik “Zerbitzua eta lana” mailara salto egin du eta gainontzeko guztiak Bidean mailatik Zerbitzua mailara pasa dira–.

Gaurko ekitaldian banatu diren Ziurtagiriekin eta aurrez zeudenekin, Azkoitian 56 entitatek daukate Ziurtagiria: 25ek “Euskara bidean” maila; 26k “Zerbitzua euskaraz” maila, eta beste bostek, “Zerbitzua eta lana” euskaraz maila.

Azkoitiko Euskara zinegotzi Agurtzane Epeldek euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu, izandako “emaitza ona” nabarmendu eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu ditu gaur Azkoitian egin den Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. “Oso emaitza onak dira hauek: batetik, azkeneko urteetan egitasmora batutako Ziurtagirien kopuru handienetakoa delako, eta bestetik, mailaz igotzea lortu duzuen kopurua ere oso handia delako”. Era berean, krisi garaian egiten duten esfortzua aitortu die Epeldek. “Horrelako programa batean aritzeak esfortzu handia dakarrela badakigu, eta benetan, eskertzekoa da egiten duzuen ahalegina euskarak Azkoitiko merkataritzan gero eta presentzia eta erabilera handiagoa izateko. Udalak, ahal duen neurrian, zuen negozioa euskalduntzea lortzeko bitartekoak jartzen jarraituko du”.

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak udaletxean bildutako eragileen lana “eskertzekoa eta txalotzekoa” dela nabarmendu ondoren, “euskara erabiltzeko hautua egin duen jende asko” dagoela aditzera eman du “euskaraz bizi nahi dutelako, euskaraz ikasi nahi dutelako, euskaraz lan egin nahi dutelako edota euskaraz erosi eta saldu nahi dutelako”. Bai Euskarari Ziurtagiria arlo horren euskalduntzean eragiteko proiektua dela azaldu du, “berebiziko garrantzia duelako alor sozio-ekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egitea gure bizitzaren parte handi bat lanean  ematen dugulako”. Eta euskararen sustapenean urrats biziak ahalbideratzeko hiru faktore egoki konbinatu behar direla azaldu zuen: legedia, merkatu-irizpidea eta entitateen erantzukizun soziala.

Eta amaitzeko, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak guztiak animatu ditu “aurtengo publizitate kanpainan azpimarratu dugun bezala, euskararen alde urrats biziak ematera. Lelo honek, hitzak berak ongi adierazten duen moduan, euskararen aldeko urratsei egiten die erreferentzia. Euskara erabiltzeko aukera dagoenean, hizkuntza hori hautatzeari eta jarrera aktiboa izateari. Euskararen aldeko urratsak eman behar ditugu, euskarak berak ere urrats biziagoak eman ditzan. Guztion egitekoa da arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea eta hizkuntzaren normalizazioan urrats bat aurrera egitea".

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin