Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko Sabin Anunziata zinegotziarekin elkartuko da gaur goizean. Bilera horretan, Gutiérrezek Ziurtagiriaren Elkarteko egungo egoeraren berri emateaz gain, Bilbon Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzeko proposamenak eta elkarlanean aritzeko gonbita jarri ditu mahai gainean.
Ziurtagiriaren Elkarteak Bilboko Udalarekin egingo duen bilera elkarteak 2012rako finkatu duen erronka nagusiaren baitan kokatzen da. Izan ere, Ziurtagiriaren Elkartea hedapen fasean dabil, eta datozen hilabeteotarako helburu nagusia Bai Euskarari Ziurtagiria Bizkaian zabaltzea izango da. Bide horretan dagoeneko eman ditu zenbait urrats; azken hilabeteotan Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta beste hamazazpi udaletako ordezkariekin bildu da, besteak beste, Sopelana, Mañaria, Garai, Elorrio, Lekeitio edo Lemoakoekin. Orain arteko egindako bilera horietaz gain, beste hogeita hamar udaletako arduradunekin jarri da harremanetan.
Gaur egun 1.452 entitatek daukate Ziurtagiria. Bizkaiko datuak Gipuzkoa eta Nafarroarekin alderatuta nahikoa apalak dira –Gipuzkoan 537 daude, Nafarroan 363 eta Bizkaian 203–. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren hitzetan, "datu horiek parekatzea izango da 2012rako erronketako bat. Merkatua badago, eta sinetsita gaude elkarlanerako bideak zabaltzeko aukera egon badagoela".
Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak jakinarazi duenez, zehaztutako helburua gauzatzeko apustu serioa egiten ari dira, eta horren baitan kokatu du Ziurtagiriaren Elkarteak Deustuan zabaldu duen bulegoa.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin