Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lau mintzodromo antolatuko ditu datorren astelehenean Gasteizen

Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzeko helburuarekin euskaraz soilik mintzatzeko gunea jarriko du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak azaroaren 28an Gasteizko Foru plazan, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Hala azaldu du, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak gaur Gasteizko Zuloa liburu-dendan  egindako prentsaurrekoan.

 

Foru plazako euskararen gunean lau mintzodromo egingo dira egun osoan zehar: goizeko 10:00etan, 11:30etan eta 15:00etan ikasle gazteei zuzenduta, eta 18:00etan adin mugarik gabe. Edonola ere, Foru plazako karpara gerturatu nahi duen orok ateak irekita izango ditu mintzapraktika euskaraz egiteko. Saio bakoitzean, orotara, 120en bat pertsonek hartuko dute parte. Lau laguneko taldetan banatuta, 15 minutuko mintzapraktikak egingo dituzte parte-hartzaileek eta denbora tarte horretan hiru gairen (Gasteiz Green Capital, teknologia berrien eragina gizartean, eta euskaraz bizi)  inguruan hitz egingo dute euskara hutsean euren iritziak konpartitu eta hizkuntza praktikatzeko asmoz. 

 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezen esanetan, era honetako ekimenak oso baliagarriak izan daitezke euskaraz egiteko erraztasun eta ohitura handirik ez duten  pertsonentzat, hizkuntza horretan hitz egitera animatzen direlako: “Euskara jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari horretarako modua ematen zaio eta nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzeko balio dezake".

 

Euskara erabiltzeko aukera sortzea ere badu helburu Mintzodromoak. Euskararen arnasgune izan nahi du. Gutiérrezen iritziz, Gasteiz 2012rako Europako Hiriburu Berde izendatu dutenez, hizkuntza kontuetan ere ekologia txertatzeko. Izan ere, hizkuntza-ekologia etika-balioetan oinarritzen den zientzia da, hizkuntzak bere ingurunean aztertzen dituena, bere ekosisteman, eta hizkuntza guztiak elkarrekin orekan bizitzeko modua proposatzen duena. Hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen artean sortzen diren harremanak ekologiaren ikusmoldearen bitartez aztertzen ditu.

 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak, amaitzeko, Gasteizko Udalaren Euskara zerbitzuaren azken komunikazio kanpaina ekarri du gogora. Honela dio: Elebiduna naiz, aberatsa naiz. “Bidezkoa da, beraz, hizkuntzen aldetik ere aniztasuna eta iraunkortasuna indartzea eta babestea, hizkuntza bakoitzak bere lekua izan dezan. Horretarako, hizkuntzen arteko oreka bilatu behar da, subsidiariotasun-printzipioa erabiliz, arnasguneak garatuz eta hizkuntza guztiei prestigioa, erabilera eta ezinbestekoak zaizkien oinarrizko funtzioak bermatuz”.

 

Gasteizen egingo diren mintzodromo hauek, Ziurtagiriaren Elkartea bultzatzen ari den “Bai Euskarari, Urrats Biziak” ekimenaren barruan kokatzen dira. Ekimen honek bizitzaren arlo guztietan, baina bereziki arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioaren alde urratsak emateko helburua du.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin