Bai Euskarari Ziurtagiriak Laudioko euskararen normalizazioa sustatzen jarraitzen du

Ziurtagiriaren Elkarteak Laudioko udaletxeko pleno aretoa euskararen arnasgune bilakatu zuen abenduaren 15ean. Bertan, udalerriko hogei enpresek, komertzioek eta era guztietako entitateek Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten. Banaketa ekitaldiaren aurretik, berriz, berrogeita hamar bat herritarrek Laudioko Mintzodromoaren lehenengo edizioan parte hartu zuten. Ziurtagiriaren Elkartea eta Laudioko Udala elkarlanean aritu dira bi ekitaldiak antolatzen. Ekitaldian, Udaleko ordezkariak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria izan ziren.

Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen normalizazioa eragiteko helburuarekin bi ekitaldi antolatu zituen abenduaren 15ean Laudion, bertako Udalarekin elkarlanean: Bai Euskarari Ziurtagiriaren bigarren banaketa ekitaldia eta Laudioko Mintzodromoaren lehenengo edizioa. Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia iluntzeko 20:00etan hasi zen; bertan, udalerriko 20 enpresek, saltokiek eta bestelako entitateek arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioan egiten duten lanaren aitortza jaso zuten.

Laudioko datuek udalerriko eragileek Ziurtagiriarekin daukaten gogobete maila islatzen dute, aurreko urtean Ziurtagiriarekin konpromisoa sinatu zuten hamazazpi entitateetatik 16k berretsi baitute. Era berean, nabarmentzekoa da lau entitate berrik bat egin dutela egitasmoarekin: Algitech, Autocares Sobron, Grafiksarea eta Osaketa.

Banatu ziren 20 Ziurtagirietatik bik “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu dute, beste seik  “Zerbitzua euskaraz” maila, eta gainontzeko 12k “Bidean” maila. Aipagarria da, era berean, Bazter Taberna eta Leo Barañano Abokatua mailaz igo direla eta zerbitzua euskaraz emateko gai direla.

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten entitateak zoriondu ondoren, norabide berean “urrats biziak” ematen jarraitzera animatu zituen udaletxean bildu ziren guztiak. Jarraian, euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenei horretarako aukerak eta erraztasunak eman behar zaizkiela azpimarratu zuen. “Euskaraz lan egin nahi duten enpresa eta pertsonei bidea eman behar zaie eta euskaraz erosi nahi dugunoi erraztasunak eman behar zaizkigu. Nola egin daiteke hori? Eredu egokiak eskainiz, lege ausart eta egokien bitartez, epeak ezarriz, diru inbertsioak eginez eta diruz lagunduz urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak”. “Zentzu horretan –jarraitu zuen Gutiérrezek– eskertzekoa da Laudioko Udalak azaltzen duen jarrera”.

Mintzodromoa

Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiaren aurretik, Ziurtagiriaren Elkarteak Laudioko Mintzodromoaren lehenengo edizioa antolatu zuen. Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzea du helburua Mintzodromoak, eta 50 bat herritarrek parte hartu zuten dinamika horretan. Ordubeteko saioan, parte-hartzaileek 4nako mahaietan eseri eta Eguberriaz, teknologia berriek gaur egungo bizitzan duten eraginaz, eta Euskaraz bizitzeko ahaleginean topatzen dituzten erraztasunez eta zailtasunez aritu ziren.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrez pozik agertu da mintzodromoaren ekimen honek izan duen harreragatik. “Laudion lehendabizikoz antolatu da Mintzodromo bat eta gure helburua beteta ikusi dugu: euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari horretarako modua ematea eta nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzeko balio izan diolakoan gaude".

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin