“Denok gara Galizia”
Igaro berri da
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aurtengo gonbidatua kultura galiziarra izan da eta
Anton Reixa idazle, musikari eta zinegileak egin du irekierako hitzaldia. Benetan mamitsuak izan dira,
irekierako diskurtsoan ez ezik, komunikabide batean eta bestean egin dituen
adierazpenak. Jarraian horietako batzuk jasoko ditugu.
Nor da Anton Reixa?
“Galiziarekin eta nire hizkuntzarekin maiteminduta dagoen tipoa naiz eta uste dut horri esker askotan ez zaidala batere axola barregarri geratzea”.
Zer da Galizia?
“Ez atzera eta ez aurrera dagoen tribu bat gara. Poeten, emigratzaileen, lurraren, itsasoaren eta metalaren langileak, errefuxiatu fisiko eta mentalak, ametsen eta izerdien esportatzaileak. Ez dugu inoiz inor inbaditu eta subkontziente indibiduala nahiz kolektiboa da gure ejertzito bakarra. Lanbroz eta udazkenez jantzitako subkontzientea”.
Nor dira galiziarrak?
“Historiatik bizirik atera direnak, Nazio Batuen Erakundean ordezkaririk ez dutenak, ezta dominak jasotako astronautarik ere. Bizitzan eta munduan kokatzen gaituzten arteari eta kulturari temati lotuta daudenak”.
Zer esan nahi du galiziar izateak?
“Galiziakoa izatea kasualitate biologikoa da, zorioneko aberia. Horregatik denok gara Galizia. Edonori gerta dakioke. Zer erru dugu guk Galiziakoak bagara? Ulertuak izatea eta errespetua merezi ditugu. Arraroak eta era askotakoak gara. Bakarrak eta solidarioak. Kosmikoki behartuta gaude modernoak eta aitzindariak izatera. Kosmopolitak, mundutarrak. Galiziakoa izaten jakiteko, mundu handia eduki behar da”.
Armarik onena, sorkuntza
“Garai arraro eta zailak bizi ditugu. Ongizatearen estatua suntsitzen ari gara; kulturak eta kultur industriak berriz, jada ez dira nostalgiako parte ere. Horregatik sormenean oinarrituriko gure kultura-fabriketako lehengaiak babestu behar ditugu irmoki, eta garbi izan behar dugu daukagun onena gerok garela.
Galizia eta Euskal Herria: gizakiaren tamainara egindako nazioak
“Gutxitutako herrialdea gara, baina aldi berean oso zabala. Munduan ibiltzen dakigun jendea gara. Globalizazioaren kontrapartidarik okerrena da nazio txikiak ezeztatu egiten dituela. Niri gustatzen zait pentsatzea, Galizia eta Euskal Herria, zorionez, herrialde txikiak direla, gizakiaren neurrira egindako lurraldeak baitira, baina hori agian ez dago gaur egun modan”.
Galizieraren garapena
“Gure hizkuntzak aurrera egin du nabarmen. Ni konplexurik gabeko galiziarren belaunaldikoa naiz eta Hizkuntzaren aldarrikapena bere egin zuen tradizio gallegistaren oinordeko naiz. Kultur arloan hizkuntzarentzat berriak ziren erregistroak geure egitea tokatu zitzaigun. Ni musika taldean 82an sartu nintzen eta lehenak izan ginen galizieraz kantatzen. Gaur egun Galizian 100 talde inguru daude galiziera kantatzen dutenak. Beraz, argi dago: aurrera egin dugu”.
Galiziarren izaera
“Baliteke galiziarrok geurearen defentsarako adore handirik ez izatea, baina naturaltasun izugarria daukagu, nahiz eta askotan auto-estimu apur bat falta”.
Nazio txikien irekitasuna
“Nazio txikietakook daukagu aniztasunaren zentzurik handiena. Niri era guztietako artistekin lan egitea gustatzen zait, baina egia da, Euskadin konplizitate berezia topatu dudala. Gutxitutako hizkuntzetan bizi garenok modernitate, irekitasun eta unibertsaltasun zentzu handiagoa dugu”.
“Galiziar kulturak eta euskal kulturak geure arteko konplizitatea metatu behar dugu eta argi izan behar dugu gure lana auto-estimu kolektiboan eta unibertsaltasunean oinarritzen dela. Adimen irekia daukagu eta horrek mendebaldeko kulturaren historia kontatzeko aukera ematen digu, eta ondorioz, kultura espainiarraren endogamiatik askatzekoa”.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin