Marie Claire Salaberry Herrikoa S.A. hobekien ezagutzen duen pertsona da, ez baititu pasa alferrik hogeita hamar urte idazkari, kontu-egile eta enpresen koordinatzaile gisa. Orduz geroztik, Iparraldean lanpostuen sorreran laguntzak bideratzen aritu da. Esku-hartze horren emaitza da laurogeigarren hamakaz geroztik sortu diren 350 lantegiak eta 2.500 lanpostuak. Herrikoak Baionako Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbaran duen bulegoan hartu gaitu Salaberryk, eta solasaldian elkartea, Iparraldeko enpresa-sarea edo euskara izan ditugu hizpide, besteak beste.
Herrikoa S.A.k 30 hamar urte bete ditu. Ipar Euskal Herrian ibilbide luzea egin duzue, baina Hego Euskal Herrian zuen jarduna ez da horren ezaguna. Azalduko zeniguke, labur bada ere, zein helbururekin sortu zen Herrikoa?
Funtsean gure egitekoa Iparraldean lanpostuak sortzea zen, eta helburu bera mantentzen jarraitzen dugu. Horretarako diru-laguntzak ematen ditugu; enpresak sortu nahi dituztenek bere egitasmoa aurkezten digute, eta egitasmo hori aztertu ondoren, eta gure irizpideen arabera egokia dela iruditzen bazaigu, enpresa berri hori sortzen laguntzen dugu. Erabakiaren irizpide nagusia lanpostuena da, aurkezten diguten egitasmoak zenbat lanpostu sortuko dituen.
Banketxeek maileguak ematen dituzte halako egitasmoetarako. Baina Herrikoa ez da banku bat, ezta?
Ez, ez. Bankuek maileguak ematen dituzte, eta guk kapitalean parte hartzen dugu. Gure proiektuaren ardatza honakoa da: lantegiak sortzen eta azkartzen laguntzea herritarren dirua enpresen eta enpleguaren alde ezarriz. Gure berezitasuna da enplegua sortzeko dinamika horretan akziodunen ekarpen ekonomikoak bideratzen ditugula lantegi berriak zabaltzeko. Gaur egun 4.500 akziodun dauzkagu.
Zein ekarpen egin dio Herrikoak Ipar Euskal Herriko enpresa-sareari?
Iparraldeko ekonomia suspertzen lagundu dugu, hori ezin du inork ukatu. Hogeita hamar urteren bueltan 10 milioi € isuri ditugu 350 lantegi berri abiarazteko, eta gutxi-asko, 2.500 lanpostu berri sortu dira Herrikoaren esku-hartzearekin.
Nolakoak dira zuen egitasmoan parte-hartzen duten enpresak?
Edozein jarduera ekonomiko laguntzea da gure xedea, baina batez ere zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa berriak gerturatzen dira gurera. Hala ere, azken urteotan ingurumenaren esparruan egitasmo asko jaso ditugu; internet bidezko salmentak bideratzen dituzten enpresen gorakada ere nabarmena izan da. Turismora bideratutakoak ere zaku berean sartuko nituzke. Iparraldean industria sektorea oso ahula da eta halako gutxi izaten ditugu. Beste ezaugarri bat langile kopuruarena da; gehienak lantoki txikiak dira, oso gutxi dira 5 langile baino gehiago dituzten enpresak.
Krisiak bazter guztiak jo dituen honetan, pentsatzekoa da Herrikoa bezalako egitasmo batean krisiaren ondorioak nabarmenak izango direla. Krisiak nola baldintzatu du zuen lan-jarduna?
Krisiak guztia zailtzen du; gure kasuan, esate baterako, akziodunen kopuruan islatzen dela esango nuke. Iparraldean 300.000 biztanle inguru bizi gara, eta gure akziodunak 4.500 baino ez dira. Honekin ez dut adierazi nahi krisia dela hazkundea oztopatzen duen arrazoi bakarra, baina pentsatzekoa da ekonomiaren susperraldia ematen bada, gure akziodunen kopuruak gora egingo duela. Beste parametro batean, aldiz, esango nuke krisi garaian gure aktibitateak gora egin duela; garai batean banketxeek maileguak ematerakoan malgutasun handiagoa azaltzen zuten. Gaur egun ez dute arriskatzen, eta are gutxiago krisi garaian. Herrikoak ez dauka arriskatzeko beldurrik.
Krisiaren ondorioz egitasmo berri gehiago jasotzen dituzuela diozu. Herrikoak eskaintzen dituen zerbitzuak eskatzera gerturatzen direnen perfila aldatu al du krisiak?
Baietz esango nuke. Langabezian daudenak ohartzen hasiak dira lana bilatzeko dinamika aldatu beharra daukatela. Hau da, batean eta bestean ate joka ibiltzeko garaiak amaitu dira, eta norberak sortu behar ditu lanpostuak. Zentzu horretan, geroz eta gehiago dira bere enpresa, normalean langile bakarrekoa, sortzeko proiektuarekin gerturatzen zaizkigun gazteak. Momentuz bukatu dira 15 lanpostu sortzeko helburuarekin aurkezten zizkiguten egitasmoak.
Hari beretik tiraka, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekotasunik antzeman duzuen jakin nahiko nuke.
XXI. mendean gaude eta gaur egun gure bulegora etortzen diren emakumezkoen eta gizonezkoen portzentajea antzekoa dela esango nuke, ez dago alderik. Gure hastapenetan kontuak bestelakoak ziren, apenas etortzen baitzen emakumezkorik. Zentzu horretan bilakaera nabarmena izan da.
Herrikoaren Zuzendaritza Batzordean emakume bakarra dago, ordea; hamasei gizonezko eta emakumezko bat.
Frantziako Gobernuak parekotasuna bermatzeko legea atera du eta epe laburrean gure Zuzendaritza Batzordean aldaketak izango direla aurreikusten dut, emakumeen parte-hartzea zabalagoa izango da. Normaltasun osoz eman beharreko aldaketa behar du izan.
Epe motzean, zein dira Herrikoak etorkizunerako aurreikusten dituen erronkak?
Epe laburrera ez daukagu erronka berezirik, gure asmoa enpleguak sortzen laguntzea da. Krisiak krisi, gure erronka aurrera egitea da, eta orain bankuek laguntza gutxiago ematen dituztela kontuan hartuta, ez dut uste lan falta izango dugunik. Epe luzeago batera, behar bada, bi erronka azpimarratuko nituzke: batetik, akziodun kopurua igotzea, eta bestetik, harremanak sendotzea. Baina azken hori ez da batere erraza izango.
Elkarrizketa batean irakurri dut zuen hastapeneko beste helburuetako bat Hegoaldeko Kutxekin lan egitea zela. Lortu al duzue?
Ametsa izaten jarraitzen du. Kutxa eta BBK gure akziodunak dira, hastapenetik. Eta Spri, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, orain dela hamar bat urtez geroztik akzioduna da. Baina ez dugu asmatu bide hori jorratzen. Eta etorkizunean harremanak areagotzea zaila ikusten dut; ikuspegi ekonomiko batetik begiratuta ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko jauzia aldera ezina da. Ez dut gaizki ulertzerik nahi, ez delako kritika bat, baina iruditzen zait Hegoaldeko instituzio eta erakundeen begietara Iparraldekoak "anaia txikiak" garela.
Euskararen alorrera etorriz, Herrikoak Bai Euskarari Ziurtagiria du. Zergatik erabaki zenuten ziurtagiria eskuratzea?
Besteak beste euskara gure hizkuntza delako, euskaraz bizi eta lan egin nahi dugulako, eta gure akziodunei zor diegulako. Eta helburu hori gauzatzeko Ziurtagiria erreminta interesgarria dela sinisten dugulako.
Zein balio ematen diozue euskarari?
Erabatekoa; gure aldizkaria, buletina, webgunea - http://www.herrikoa.com/- eta abar euskaraz eta frantsesez dauzkagu. Gu euskaldunak gara, eta gure arteko harremanak –bulegoan hiru langile aritzen dira– euskaraz dira. Euskaldunon artean ere normaltasunez, naturaltasunez aritzen gara euskaraz. Baina zoritxarrez, egia da kalean geroz eta gutxiago hitz egiten dela euskaraz, eta errealitate hori gizarteko esparru ezberdinetara zabaltzen doa.
Gaur egun, Iparraldeko enpresek euskararen presentzia eta erabilera kontutan hartzen dute? Euskarari toki bat ematearen aldekoak dira enpresetako arduradunak?
Gure datuen arabera, % 40 euskaraz aritzeko gai da. Errealitatea bestelakoa da, ordea. Badira euskaldunak zuzendaritza karguetan, baina hemen ere krisiaren ondorioak pairatzen ari gara eta enpresetako lehentasunak bestelakoak dira. Euskara bigarren maila batean dagoela esango nuke.
Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko enpresen arteko lankidetzak ematen direla badakigu. Euskararen presentzia areagotzea errazten duela uste duzu?
Nabarmenki, eta elkarlan hauek oso positiboak dira euskara sustatzeko eta, nolabait, harreman horiek mantentzeko eta sakontzeko bideak topatu behar ditugu. Euskarak batzen ditu Hegoaldeko eta Iparraldeko enpresak. Bitxia da, baina, elkar ulertzeko euskara dute komunikazio bide.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin