Bai Euskarari Ziurtagiria 2000ko ekainean abiatu zen. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sortu zuen eta 2007 urteaz geroztik Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen du. Lan munduaren euskalduntzean eragiteko erreminta bat da, eta haren bitartez alor sozio-ekonomikoko entitateen arteko elkarlana sustatzen du Ziurtagiriaren Elkarteak.
Gaur egun ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek lortu eta erabiltzen dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Guztira, Euskal Herriko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatetik gora osatzen dute Ziurtagiriaren familia, horietako 240 Ipar Euskal Herrikoak dira.
Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, eta Ihintza Aldana Ziurtagiriaren Elkarteko Ipar Euskal Herriko teknikariak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren ibilbidea laburtu eta Ipar Euskal Herriko errealitatearen berri ekarri digute.
Zer da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea?
Bai Euskarari Ziurtagiria euskararen ezagutza eta erabilera soziala sustatzeko tresna da. Entitate bat euskararen aldeko urratsak ematen ari dela egiaztatzen duen agiria eta bere lana gizartearen aurrean kreditatzen duen bereizgarria.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sortu zuen, baina 2007tik Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen du, ezta?
Hala da, bai. 2007ko ekainean urrats kualitatibo garrantzitsua eman zen; Bai Euskarari Ziurtagiriak 7 urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita eta proiektua sendotzeko bide berriak ireki behar zirela ohartuta, Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen. Proiektu zabalagoa, konpartitua eta eraginkorragoa jarri zen martxan, gizarte- eta enpresa-eragileen babesa bilatuz.
Ziurtagiriaren Elkartearen sorrera mugarri izan zen, hortaz. Zein da bere ardura?
Proiektua kudeatzeko ardura du eta arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko helburua du. Ziurtagiriaren Elkarteak, aurrez zehaztutako irizpideen arabera, entitateen euskararen normalizazio-prozesua garatzen laguntzen du eta, horrezaz gain, hauen lana aitortu, saritu eta jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria eskaintzen die.
Zein dira helburu nagusiak?
Hiru ardatz nagusitan oinarritzen dira; lehenik eta behin, euskararen ezagutza eta erabilera soziala sustatzea Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotuz; bigarrenik, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean erreferente izatea eta azkenik, pertsonen gogobetetze-maila areagotzea. Izan ere, Ziurtagiria duten entitateen atzean, eguneroko lanean euskara txertatzeko ahalegina egiten duten pertsonak daude; hortxe dago Ziurtagiriaren arrakastaren gakoa.
Eta zehatz-mehatz, zer da Bai Euskarari Ziurtagiria?
Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den ziurtatzen du. Beste modu batean azaltzeko, bezeroak euskaraz hartzea eta euskarazko kalitatezko zerbitzuak eskaintzea lehiakortasunarekin lotzen dituzten enpresak kreditatzen ditu Ziurtagiriak.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitate horientzat, nolabait esateko, Bai Euskarari Ziurtagiriak balio erantsi bat ematen diela esan genezake orduan.
Enpresak konturatu behar dira hizkuntzaren aldagaia "baliatu" ahal duten osagaia dela, hor baitute merkatuan abantaila lortzeko ezaugarri esanguratsua. Enpresari eskatu behar zaio horretan berritzaileak izateko, jabetu behar baitira guretzat, kontsumitzaile eta erabiltzaileontzat, hizkuntza aldagai ezinbestekoa dela, produktuak eta zerbitzuak erakargarriagoak direla gure hizkuntzan eskainiz gero.
Bai Euskarari Ziurtagiriak urrats biziak ematen laguntzen du, entitate bakoitzaren egoerara egokitutako neurriak proposatzen ditu eta urrats biziei esker, abagune paregabea dugu kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzera iristeko urratsak emateko.
Bai Euskarari Ziurtagiriak zer ibilbide izan du Ipar Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian prozesua 2000. urtean hasi zen. Garai hartan 35 eragile erreferentzialek (Sokoa, Herrikoa, Irulegi...) lortu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. Saran abiarazi genuen esperientzia pilotua, eta ondotik etorri dira Azkaine, Ezpeleta, Senpere, Ziburu... Gaur egun, Hendaian, Zuberoan, Donibane Lohitzunen, Uztaritzen eta Baigorrin ere lanean ari gara. Guztira 250 ziurtagiri inguru ditugu.
Zein dira etorkizunerako erronkak?
Hedapen lanak ez du amaierarik eta 2012rako bi eskualde nagusitan hedatu nahi dugu, Biarritzen eta Hazparnen.
Zer nolako zailtasunak aurkitu dituzue bidean?
Bi nabarmenduko genituzke. Batetik hizkuntzaren estatusa aipatu behar da. Izan ere, Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala eta beraz arlo sozio ekonomikoan kokatzen diren enpresa edota merkatarientzat euskara lanean aritzeko beharrezkoa ez den hizkuntza bat da. Bestetik, baliabideen eskasia; horren eraginez, Ziurtagiriaren Elkartea ez da iristen bere egitasmo guztiak behar bezala garatzera.
Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan garatzen ari den proiektua da. Nolakoa da zuen harremana Ipar Euskal Herriko instituzioekin?
Oso harreman ezberdinak ditugu. Herriko Etxeekin, esate baterako, elkarlanean ari gara eta harremana ona da. Sarako Herriko Etxea Bai Euskarari Ziurtagiria duen bakarra da, baina Hendaiakoarekin elkarlanean gabiltza Ziurtagiria Hendaian hedatzeko. Biarritzeko Herriko Etxeko euskara zerbitzuarekin aurten abiatu dugu eta elkarlana estua da eta erregularki biltzen gara euskara teknikariekin.
Bestaldetik, Herri Elkargoak ditugu. Xiberuako Herri Elkargoak duela 2 urte lortu zuen Ziurtagiria. Eta une honetan, Hazparne lurraldeko herriko elkargoko euskara teknikariari aurkeztu diogu proiektua. Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoarekin ere aurten hasi gara harremanetan eta ematen duenez, bide interesgarri bat eginen dugu elkarrekin.
Euskararen Erakunde Publikoa aipatu gabe utzi duzu. Zer diozu Euskararen Erakunde Publikoak merkatari eta zerbitzuekin egin nahi duen lanaz? Ez al duzue uste zuen lan eremuan sartzen ari direla?
Euskararen Erakunde Publikoaren harremanetan ari gara eta gure elkarlanerako proposamenak ere badituzte mahai gainean. Ipar Euskal Herriko Euskararen Aholku Batzordean ere parte hartzen ari gara.
Gure jardunari eragiten dioten egitasmoei dagokienez, Euskararen Erakunde Publikoak merkatari eta zerbitzuekin egin nahi duen lanaz iritzi positiboa dugu. Izan ere, guk betidanik azpimarratu dugu, administrazioek ere haien ardurak hartu behar dituztela euskararen erabilpenean. Baina iruditzen zaigu, bide horretan administrazioak baliatu beharko lukeela aurretik egindako lan eskerga. Gure esperientzia handia da eta ezin da ez ikusiarena egin.
Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean aritzeko prest zaudete eta proposamen bat ere helarazi diozue. Zein izan da erantzuna?
EEPk elkarlan-proposamena mahai gainean du aspalditik eta ateak irekiak dituzte Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin lanean hasteko. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu zen bezala, badirudi beste bide bat aukeratu dutela: beste metodo bat, beste label bat... nahas-mahas handia.
Hego Euskal Herrian ere antzekoa da egoera. Zein izan daitezke irtenbide egokiak?
Bere garaian adierazi genuen bezala, ahalegin guztiak ondo koordinatu behar dira prozesu honetan parte hartzen duten guztien artean: enpresa eta kooperatiba elkarteak, sindikatuak, euskalgintza eta administrazioa. Bikoizketak saihestu behar dira.
Akats larriak lirateke Bai Euskarari Ziurtagiriarekin urte hauetan guztietan lortu den esperientzia aintzat ez izatea eta beste label bat sortzea Ipar Euskal Herrian. Alor konplexua da hau, euskarak sarrera errazik ez duena; ezin dugu, beraz, indarrak, jakintzak, denbora eta baliabideak alperrik galtzeko luxua onartu, norabide berean koordinatu eta zuzendu genitzakeen indarrak sakabanatuz. Espero dezagun horretaz jabetzea.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin