Buletin elektronikoa, gure komunikazio estrategian beste urrats bizi bat

Ziurtagiriaren Elkarteak beste urrats bizi bat eman du bere komunikazio estrategian. Joan den ostiralean, martxoaren 23an, Bai Euskarari Buletin elektronikoaren lehenengo zenbakiaren bidalketa egin genuen eta hemendik aurrera hamabostean behin notizia berriekin eguneratuko dugu.

Azken urteotan Ziurtagiriaren Elkarteko komunikazio estrategia hobetzeko ahalegin berezia egiten ari gara. Informazioaren gizartean egoki komunikatzeak duen garrantziaz jabetuta, atzera bueltarik ez duen bidea hartu dugu. Teknologia berriek eskaintzen dituzten erremintak bide-lagun, 2009a geroztik webgunea eguneratu dugu, Ziurtagiridunen Aldizkaria argitaratu, bloga sortu, sare sozialetan gure presentzia indartu edo komunikazio kanpainak diseinatu ditugu.

Komunikazio kanalak ezberdinak izan arren, helburu bera dute: Bai Euskarari Ziurtagiriaren, Ziurtagiria duzuen entitateen eta euskararen inguruko berriak zabaltzea. Buletinak, aldizkariak bezalaxe, bozgorailu izan nahi du, eta bide batez, Ziurtagiriaren Elkartearekin identifikatzeko bidea erraztu, Ziurtagiridunak talde eta proiektu baten kide sentitzeraino. Azken finean, Bai Euskarari duten enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen promozioa egiteko eta Ziurtagiriaren Elkarteko bazkideen arteko lankidetza sustatzeko beste erreminta bat sortu nahi izan dugu.

Beraz, zuen laguntza ezinbestekoa izango dugu hamabostean behin buletin dinamiko eta bizia gauzatzeko. Zuen notizien zain geratzen gara; idatzi komunikazioa@baieuskarari.org helbide elektronikora.

Eta hamabostean behin buletina jaso nahi izanez gero, bete ezazu formularioa.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin