Bai Euskarari Ziurtagiria Durangon zabaltzen ari da

Abian da Durangon Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzeko ekimena. Datozen bi hilabeteotan, Ziurtagiriaren Elkarteko teknikari bat udalerriko hainbat merkatari, ostalari, enpresa eta eragilerekin jarriko da harremanetan. Ekimena Urrats Biziak Bizkaian hedapen kanpainaren baitan kokatzen da.

Ziurtagiriaren Elkarteak 2012. urterako zehaztu dituen erronken artean, lehentasunezkoa da Bai Euskarari Ziurtagiria Bizkaian zabaltzea. Gaur egun 1.500 entitate inguruk daukate Ziurtagiria; eskualdeka, Gipuzkoa eta Nafarroa dira Ziurtagiri gehien dituztenak, 537 (% 37) eta 363 (% 25) hurrenez hurren. Bizkaian, berriz, 203 (% 14) daude.

Durangon hasi da Bizkaian Ziurtagiri kopurua igotzeko eta alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko hedapen fasea. Kanpaina hasi aurretik, Bankoa S.A., Durangoko Udal Euskaltegia, Euskal Kirol Federazioen Batasuna, HETEL Heziketa Teknikoko Elkartea, Katafora Hizkuntza Zerbitzuak, San Antonio Santa Rita eta San José Maristak ziren Durangon Ziurtagiria zeukaten entitateak.

Otsailean hasitako hedapen kanpainari esker, beste 3 entitatek eskuratuko dute Ziurtagiria (Hitz liburu-denda, Bizibike bizikleta-denda eta Iunik ile-apaindegia). Hedapen fasea maiatzera arte luzatuko da, eta helburua, epe horretan Durangon ziurtagiridunen kopuruak gora egitea da.

Durangorekin batera, Bizkaiko beste herri eta mankomunitateetako entitateak bisitatuko dira datozen hilabeteotan. Besteak beste, Busturia, Lea-Artibai, Lemoa, Otxandio, Zalla, Sopelana, Urduña edo Arakaldo.

Eskatu informazioa

Ziurtagiriaren Elkartearen edo Ziurtagiriaren beraren informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, gure webgunean aurki dezakezue informazio gehiago. Eta zuzeneko harremana bideratzea nahiago baduzue, jar zaitezte gurekin harremanetan telefonoz (902 43 00 26 / 608 167 027) edo posta elektronikoz.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin