Arakaldoko alkate Victor Egiak Bai Euskarari Ziurtagiria jaso du Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik. Lorpen hau azken hilabeteotan, “Urrats Biziak Bizkaian” lelopean Ziurtagiriaren Elkartea Bai Euskarari Ziurtagiria Bizkaian hedatzeko burutzen ari den kanpainaren baitan kokatu behar da.
Ziurtagiriaren Elkarteak 2012. urterako zehaztu dituen erronken artean, lehentasunezkoa da Bai Euskarari Ziurtagiria Bizkaian zabaltzea. Gaur egun 1.500 entitate inguruk daukate Ziurtagiria; horietatik 203 (% 14) dira Bizkaikoak.
Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresen artean hurrengoak aipa daitezke: Arlan S.A., Athletic, Azti Technalia, Bankoa, Bengozarra Eraikuntza Metalikoak, CEGASA, Durangoko Maristak, Energiaren Euskal Erakundea, Eroski, Fremap, Inforlur, S.A.U. azpiegiturak, Iurreta Institutua, Izagirre S.A. Eraikuntza Metalikoak, JEZ Sistemas Ferroviarios , Leioa Berri Auto (Renault), Refractarios Kelsen (Grupo Calcinor), Gometegui Tailerrak, Telvent, ULMA, VUSA, eta abar.
Bizkaiko hedapen kanpaina otsailean hasi zen. Orduz geroztik hainbat entitate berrik eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta kanpainak martxan jarraituko du urte amaierara arte.
Bai Euskarari egitasmoa sustatzeaz gain, herrian euskara indartzeko beste hainbat ekimen ere ari da burutzen Arakaldoko Udala. Horien artean, aipatzekoa da herrian bertan euskara ikasteko 12 laguneko talde bat sortu izana. Udaletxean ematen dira euskara klaseak eta Laudioko AEKko euskaltegitik joaten da irakaslea euskara irakastera Arakaldoko 12 lagun horiei. Udalak bere osotasunez ordaintzen du ikastaroa.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin