Agustin Markaide, Eroski Taldeko presidentea: Krisialdiari aurre hartzeko klase politikoak badu zer ikasia kooperatiben eredutik

Laster beteko da urte eta erdi Agustin Markaidek Eroski Taldeko presidente kargua hartu zuenetik. Ez da berria etxean, hamar urte pasa baitzituen Zuzendari Orokor karguan Constan Dacostari erreleboa hartu aurretik. Krisi garaiak bete-betean harrapatu du, eta Eroskik fakturazioa gutxitu duen arren, “salmenta portaera ona” izaten ari dela dio eta pozik dago “merkatu-kuota irabazten” ari direlako. Etorkizunari begira, berriz, egoerako ekonomikoren “zailtasuna onartu” eta beharrezkotzat jotzen du “eragile sozialak eta politikoak ados” jartzea eta gizarteari “mezu homogeneoak” helaraztea.

 

Krisia eta krisiaren eragina bazter guztietan antzematen da. Nola kudeatzen da Eroski bezalako talde bat krisi garaian?

Une honetan gure arreta denda lehiakorragoak eta erakargarriagoak eraikitzea da; denda bihurtu baita Eroskiren lehentasun nagusia. Bezeroari erosketak erraztuko dizkion dendak nahi ditugu; komunikazio egokiarekin, produktuen antolamendu intuitibo eta eskuragarriarekin…

Era berean, nahi duguna da kontsumitzaileei aurrezten laguntzea, arreta berezia jasotzea gure dendetan eta erosketa-saskia bere osasuna zaintzen duten, eta, aldi berean, ingurumena errespetatzen duten produktuekin betetzea.

Ildo horretan, Eroski sarearen berrantolaketa hurbileko supermerkatuetan ari da oinarritzen (horiek dira portaerarik onena izaten ari diren dendak), eta, bestetik, hipermerkatuetan denda pilotu berriak ari gara probatzen, formatu berriarekin: haurtxoak, norberaren zaintza, eta frutategia eta xarkuteria.

Halakoetan, nola uztartzen da negozioa aurrera atera behar izatea familia askok eta askok bizi duten egoera ekonomiko larriarekin?

Garai hauetan bezeroak dendarekiko duen leialtasuna jaitsi egiten da. Bezeroak probatu, begiratu eta konparatu egiten du, eta, ondorioz, bere portaera aldatu: lehen baino askoz ere arrazionalagoa da orain. Eroskin egiaztatu dugunez, bezeroak lehen baino askoz gehiago erreakzionatzen du berrikuntzen aurrean, eta, beraz, berebizikoa da inoiz baino dinamikoagoak izatea.

Halere, krisia bizitzeko era asko dauden bezala, kontsumitzaile-profil desberdin asko daude. Orain, askoz gehiago dira banatzailearen marka probatzea axola ez zaienak; eta, gustatzen bazaie, beren erosketa-saskian sartzen dute, balioa galtzen ari direnik pentsatu gabe. Baina badira beste batzuk, balio erantsiaren aldeko apustua egiten jarraitzen dutenak, fabrikatzailearen marka barne hartuz. Gure apaletan berdin-berdin aurki daitezke bi marka horiek.

Gainera, marka propioko gama bat doitu, irudia aldatu eta komunikazioa hobetu dugu; Basic izena jarri diogu, produktu-mota horrekin identifikatzen errazagoa izan dadin. Eroski Basic gamaren merkaturatze berria erabateko arrakasta izan da guretzat, gamarik salduena izan baita: gure bezeroek erosten dituzten bost elikagaitik bat Eroski Basic markakoa da.

“Jarduerak kontsumitzaileei zerbitzurik onena ematera bideratuta daude, kalitatearen kudeaketatik hasi eta prezio-proposamen onenak egiteraino”

Krisiari aurre egiteko Gobernuak hartu dituen neurriak egokiak direla uste duzu?

Gaur egungoa bezalako merkatuko eredu ekonomiko batean, gobernu baten jarduteko moduak, enpresa baten jarduteko moduak bezalaxe, ‘merkatuaren’ onarpenaren muga du, eta onarpen hori ekonomiaren etorkizunari buruz sor dezakeen sinesgarritasunaren baitan dago neurri handi batean.

Hori dela-eta, gastuak murrizteko eta zergen bidez sarrerak handitzeko neurriak beharrezkoak dira aurrekontuak orekatzeko, baina ez dira inoiz nahikoak izango, ez bada lortzen ekonomiak hazteko gaitasuna izatea. Merkatuek etorkizunari buruz duten sinesgarritasuna ez da hobetuko. Enpresetan gertatzen den bezala, herrialde baten zorpetzea handia edo txikia den jakiteko haren gaitasun ekonomikoarekin erlazionatu behar da nahitaez.

Hori horrela, egungo neurriek arazoaren lehen parteari soilik ekiten diote, baina aldi berean bigarrena okerragotzen ari dira.

 

Zer proposatzen duzu?

Eragile ekonomiko guztiok daukagu, gobernuek barne, aurrezten jarraitzeko betebeharra. Gobernuek zerga, tasa eta gastu-murrizketaren bidez aurreztuko dute, baina neurri horietako bakar bat ere ez da nahikoa izango ekonomiari energia gehitzeko.

Bestalde, erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute familiek, eta ez dirudi langabeziak behera egingo duenik. Beraz, ez dago berriz ere konfiantza izateko zantzu handirik. Etorkizun ekonomiari dagokionez optimistak izango gara lider politikoek lankidetzan hasten direnean.

Zentzu horretan, uste dut klase politikoak baduela zer ikasia kooperatiben eredutik. Elkartu egiten gara arazoa konpontzeko, diagnostikorik edo ekintza-planik onena nork duen erakusteko borrokan ibili beharrean.

Horrenbestez beharrezkotzat jotzen dugu eragile sozialak eta politikoak adostasun zabaletara iristea, abiapuntu gisa egoera ekonomikoaren zailtasuna onartuz, baina gizarteari eta ‘merkatuak’ deiturikoei mezu homogeneoagoak eta ez hain kontraesankorrak helaraztea ahalbidetuz betiere.

Merkatuan dagoen lehia gogorrean, nola kokatzen da Eroski? Zein da bere helburuko publikoa eta zein balio erantsi ditu?

Nire ustez, merkatuak oraindik hazkunde-aukera ugari eskaintzen ditu, eta are gehiago gure indar-guneei etekina ateratzeko gai bagara. Izan ere familien % 10 baino gehiago pasatzen baitira egunero gure dendetatik.

Gure jarduketak kontsumitzaileei zerbitzurik onena ematera bideratuta daude, kalitatearen kudeaketatik hasi eta prezio-proposamen onenak egiteraino. Gainera eskualdeko produktuen eskaintza indartu nahi dugu eta kontsumitzaileei balio bereizgarri bat emango dieten produktuak bultzatu, hobekuntza garrantzitsuen bidez, hala nola: nutrizio-etiketatua, trans koipe artifizialak kentzea eta osasunarentzat kaltegarriak diren gatz, azukre eta koipeak murriztea. Era berean, kontsumitzaileei informazioa eta prestakuntza eskaintzeko jarduerak sustatuko ditugu, eta gure dendak bezeroek eskatutako zerbitzu, eskaintza, kalitate, aukera eta produktuetara egokituko ditugu.

Eroski MCCko kide da. Kooperatibaren izpiritua gordetzen al du? Eta zertan antzematen da izpiritu hori?

Kooperatibak balioak dituzten enpresak dira. Hori ez da aldatu lehen kooperatibak orain dela 100 urte baino gehiago sortu zirenetik eta erabat eutsi zaio asmo horri, baita Mondragonen ere, nola ez.

Balio horiek gure izaeraren parte dira eta egunero erabiltzen dira: kudeaketa demokratikoa pertsona bakoitzari boto bat emateko eskubidea eskainita, bazkide langileak enpresen jabe izatea, solidaritatea eta mutualismoa kooperatiba bakoitzaren barruan eta kooperatiben artean…

Eta baita gizartearekiko solidaritatea ere, izan ere kooperatibek urtero eskaintzen baitute beren irabazien zati bat gizartearentzat eta gure jatorriko lurraldean enplegua babesteko, sortutako aberastasuna bazkideen artean berdintasun handiagoz banatzeak duen eraginaz gainera.

Egia da gauza horiez gutxi hitz egiten dugula, baina guretzat arnasa hartzea bezain naturalak eta beharrezkoak dira.

Gaiaz aldatuz, eta hizkuntzen eremura ekarriz, Eroskin lau hizkuntza ofizial dituzuela esango nuke. Zergatik hartu zenuten irizpide hori?

EROSKIk hizkuntzenganako konpromiso sendoa erakutsi du sortu zenetik. Kooperatibako fundazio-aktan bertan jasota dago euskararen koofizialtasuna Kooperatibaren eremuan. Duela 43 urte hori jaso zenetik, Eroskik egin duen ibilbidean eta hedapenean beti argi izan du ezinbestekoa zela tokian tokiko hizkuntzarekiko konpromisoa. Bezeroei arreta eta zerbitzua beren hizkuntzan emateak balio erantsi bat ematen dio kooperatibari eta gure printzipio eta balore kooperatiboekin erabat lotuta dago hori

Zergatik erabaki zenuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea?

Kooperatibarentzat hizkuntza kudeaketa egoki bat edukitzea giltzarrietako bat da kalitatearen eta berrikuntzaren helburuak lortzeko. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeak, gure hizkuntza kudeaketan hobetzen laguntzen digu, gure hizkuntza egoera ezagutuz eta gure euskara planaren helburuak garatzeko giltzarriak ematen dizkigu, aurrera begirako pausoak ezartzeko baliabide ezinbestekoa da EROSKIrentzat.

Bestalde, EROSKIk euskararekiko duen konpromisoa eta egiten duen lana gizartearen nahiz barruko bazkideen aurrean aditzera emateko aukera ematen dio Bai Euskarari Ziurtagiriak.

Ez da erraza euskara erabiltzearen edo gaztelania erabiltzearen abantailak deskribatzea. Ezinbestekoa da gu geu izateko, bertakoa den eta bertakoa sentitzen den enpresa bat izateko. Egia esan, normalean ez da galdetzen zein diren norberaren hizkuntza hitz egitearen abantailak. Eta, hori gutxi balitz, merkatari on bat izateko ezinbestekoa da bezeroaren hizkuntza hitz egitea.

Gure Euskara Planaren funtseko helburuak 3 dira: euskararen erabilera areagotzea EROSKI Kooperatiba Elkartean, barne eta kanpo paisaia soziolinguistiko elebiduna lortzea, eta horretan aitzindaria izatea, eta lehiakideen aldean nabarmentzea.

Kooperatibak garbi izan du beti bertako kultura suspertu behar duela. Enpresa baten jarduera ez da mozkinetara begira soilik antolatu behar. Baina arrazoi komertzial taxuzkoak ere badaude bertako hizkuntza kontuan izateko.

“Gure Euskara planak hiru helburu ditu: euskararen erabilera areagotzea, barne eta kanpo paisaia elebiduna lortzea eta lehiakideen aldean nabarmentzea”

 


Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin