Konpromisoz, aurrera

Leitzaldeko euskara teknikaria da David Anaut. Kristina Urrutia, Malerreka eskualdean jardun da Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapen eta ebaluazio lanetan. Nafarroako Iparraldeko mankomunitateetan Ziurtagiriaren ekimenak orain arte eman duenaz eta aurrera begira eman beharreko urratsez jardun gara.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekimenak Nafarroa Iparraldean orain arte izan duen ibilbideaz galdetuta, baikor agertu da Anaut. Euskararen erabileran eta normalizazioan eboluzio ikaragarria izan dela dio, eta balantze ona egiten du hasierako helburuak bete direlako. Bere hitzetan, “Leitzaldean, esaterako, zortzi urtetako ibilbide oparoa izan du Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekimenak. Atzera begira jarrita, esan dezakegu, urrats konkretuak, ikusgarriak ematea ahalbidetu duen tresna izan dela Ziurtagiria”

Bai Euskarari Ziurtagiriak Nafarroa Iparraldean asko lagundu duela esaterakoan ados agertu dira biak. Uneotan Nafarroa Iparraldean orotara 265 entitatek daukate Ziurtagiria. Malerrekan 2010ean hasi ziren proiektuarekin, ikusi baitzen inguruko gainontzeko eskualde guztietan abian zen Ziurtagiriaren ekimenari heldu behar zitzaiola. “Eskualdea euskalduna da izatez, baina erabilerari dagokionez, ohitura handia dago erdaraz egiteko”, azaldu du Urrutiak.

“Hasi geroztik, ziurtagiridun mordoxka lortu da. Urrats asko eman dira; euskara txertatzeko lan asko egin dute entitateok. Jendeak harro erakusten ditu egindako aurrerapausoak.” Urrutiak azaldu du, iazko ebaluazio lanetan argi eta garbi antzeman zuela, hizkuntzaren erabilerari dagokionez ere, jendeak ohiturak aldatu dituela.

Hasiera-hasieratik, establezimendu gehienen jarrera oso baikorra izan dela azpimarratu nahi izan du Urrutiak. Egindakoarekin gustura, epe motzera aurrerapauso gehiago etorriko direla, ziur da Urrutia: “Oraingoz, ibilbide laburra egin dugu eta indarrez eta ilusioz gabiltza Malerrekan. Zer egina badago, baina goranzko joeran gabiltza nabarmen”.

Konpromisoa da gakoa. Leitzaldeko teknikariaren esanetan “Ziurtagiriak badu norberarekiko konpromiso osagai handi bat: bai euskararekin, baina baita norbere buruarekin ere. Ziurtagiria baliagarria da horri eusteko: urtero egiten den gogoetak, urteroko lana dakar.” Horrez gain, Urrutiak erantsi du Ziurtagiriak ematen diela entitateei bestelako balio bat ere: “Bezeroak erakartzeko balio du, zalantzarik gabe”.

Bain konpromiso hori indartzeko unea iritsi dela iruditzen zaie biei. Izan ere, egungo errealitateak, horretan laguntzen dutela uste dute. Entitate askotan, gazteak sartu diren taldeetan, aipatu dute antzematen dela beste kultura bat. Bien ustez, gazteek grina handiago erakusten dute euskarekiko. Naturalki ateratzen zaie, gainera. Neurri bereko garrantzia ematen die teknologia berrietan euskara txertatzeari ere: “Haurrak ohitzen badira euskarazko softwareak erabiltzera, etorkizunean asko dugu irabazteko”.

Urrats berriak eman daitezen, gezia euskaltzaleengana bideratu du Anautek: “Askotan badira esfortzu asko eskatzen ez duten kontuak izan arren, zaintzen ez direnak. Hartu ditzagun bi segundo halako kontuez hausnartzeko, eta ohiturak aldatzea hain zaila ez zaigula egingo ziur nago. Ba al dakigu nominak euskaraz ditugun edo ez? Edota, software-ak euskaraz izatea… Pare bat segundo hartu behar dira, ez gehiago: bi kilk dira!”. Bada zer hobetua euskaltzaleen aldetik.

Hemendik aurrera eman beharreko urratsei buruz galdetuta, akuilu lana ezinbestekoa izango dela iruditzen zaie Anaut eta Urrutiari. Eutsi behar zaio motibazioari, eta egindako lanaren tentsioa mantendu behar da. Mezu argia du Anautek oraindik ere ziurtagiridun ez diren entitateentzat: ”Esango nieke, beren motibazioari eusteko eta indartzeko tresna erabilgarria dela. Urrats batzuk egin behar direla ikustetik, egitera pasatzen da.” Teknikariaren aburuz, Ziurtagiririk ez balego, euskararen normalizazioa asko motelduko litzateke Nafarroa Iparraldeko eskualdeetan.

Etorkizunari begira, baikor agertu da Kristina Urrutia. Bidean zailtasunak izango direla jakin badakien arren, argi dauka aurrerapausoak nondik etorriko diren. Zeintzuk izan behar dute hemendik aurrerako urratsak? “Epe motzera, dugun ziurtagiridun entitateei eutsi, eta sustapen lanaren bitartez berriak ere lortu beharko genituzke. Koiuntura ekonomikoa kontuan hartuta, zaila izan daiteke ziurtagiridun entitate gehiago lortzea, baina badugu zer egina: bezeroengan eragin behar da. Aukerak badaude, oinarri eta indarrak ere”.

Kristina Urrutia: “Ziurtagiridun entitateak gehitzen saiatzeaz gain, bezeroengan eragin behar dugu. Aukera badaude, oinarri eta indarrak ere bai”

David Anaut: “Bai Euskarari Ziurtagiria motibazioa indartzeko tresna baliagarria da. Urrats batzuk egin behar direla ikustetik, egitera pasatzeko balio du”


 


Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin