Joxe Anjel Iribarrek jasoko du Bai Euskarari Laguna saria datorren astelehenean, ekainak 18, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi nagusian. Kirolean ez ezik, Iribar erreferente garrantzitsua da Euskal Herrian euskararekiko erakutsi duen konpromiso eta jarrera aktiboagatik. Berarekin elkartu gara Bai Euskarari Ziurtagiriaz, Athletic-ek egin duen denboraldiaz eta Eurokopaz mintzatzeko.
Zure ibilbideagatik sari asko jasoa izango zara. Nola hartu duzu Bai Euskarari Laguna saria jasotzeko deia?
Sorpresa polita izan da, batez ere nondik datorren ikusita. Estimu handia diot euskararen aldeko mugimenduari, eta kasu konkretu honetan, Bai Euskarari Ziurtagiriak enpresa mundua euskalduntzeko egiten duen ahalegina eredugarria dela uste dut. Halako kontuetarako oso lotsatia naiz, baina euskararen inguruko mugimenduetatik datozenean ezin dut ezezkorik eman.
Zure iritziz, zein da gure hizkuntzari, euskarari, egin diozun ekarpenik handiena?
Erabilera, dudarik gabe. Hemen, Athletic-en, edota lagunartean euskaraz hitz egiten dut, eta ingurukoak ere euskaraz mintza daitezen ahalegintzen naiz; nolabait esatearren, akuilu lana egiten dut. Ahalegin hori oso naturala da; euskaldun-zaharra naiz, eta euskara nire apendize bat gehiago bezala sentitzen dut. Benetan esango dizut, euskaraz gazteleraz baino erosoago sentitzen naiz.
Nola baloratzen duzu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lana?
Oso lan zaila iruditzen zait, meritu handikoa eta miresmen izugarria sorrarazten didana. Orokorrean, euskararen presentziak gora egin du nabarmen, sektore guztietan. Ez da kasualitatez gertatu den zerbait, eragile askoren ahalegina dago horren atzean. Bai Euskarari Ziurtagiriak, esate baterako, lan munduan eragiten du; gu, berriz, kirolean ari gara, eta beste asko beste alorretan ari dira. Euskara sustatzeko kontzientzia badagoela ikusten dut, eta jendea prest dagoela konpromisoak hartzeko. Egia da bilakaera azkarragoa nahiko genukeela, eta hemen pauso motxean goaz, baina aurrera goazen neurrian ez goaz gaizki.
Athletic Clubek Bai Euskarari Ziurtagiria du. Zer ematen dio Ziurtagiriak Athletic-i.
Bai Euskarari Ziurtagiria, nolabait esateko, Athletic-entzat konpromiso bat da, eta konpromiso horri leialtasuna zor diogu. Athletic-etik jende asko pasatzen da, baina instituzioa beti bera da. Iritsi berriek ikusi behar dute hemen badagoela euskararekiko konpromiso bat, eta konpromiso hori mantentzea garrantzitsua dela. Lezaman edo Ibaigainen euskaraz hitz egiten da, eta ez dakienari erraztasunak ematen zaizkio hizkuntza ikasteko.
Eta zer ematen dio Athletic-ek Ziurtagiriari. Athletic bezalako instituzio batek nola eragin dezake euskararen normalizazioan?
Kirola, eta batez ere futbola, gizartean oso sustraituta dago eta halako erreferenteak oso garrantzitsuak dira. Eliteko kirolariek euskararekiko atxikimendu hori adieraztea, hau da, euskaraz jardutea, elkarrizketak euskaraz ematea, taldekideen artean euskaraz aritzea, beharrezkoa da haur eta gazteengan duen eragina izugarria delako. Kirolariak aipatzen ditut hau delako nire esparrua, baina bestelako erreferente euskaldunek ere oso eragin positiboa daukate.
Pep Guardiolak agurreko prentsaurrekoa katalanez eman zuen. Eta eragin mediatiko txikiagoa duen arren, Mikel Aranburuk ere euskaraz eman zuen bere agurreko prentsaurrekoa. Erreferente horietaz ari zara?
Guardiola bezain ospetsua den pertsona batek azken agurra emateko bere hizkuntza aukeratzea, hizkuntza gutxitu bat, izugarria da. Katalanari ematen dion proiekzioak ez du preziorik, erakusleiho paregabea da. Bai katalanak eta bai euskaraz halako figurak behar dituzte.
Nolako presentzia du euskarak Lezaman?
Saiatzen gara euskaren presentzia bermatzen. Harrobiko entrenatzaile gehienek euskara menperatzen dute, eta entrenamendu saioak euskaraz zuzentzen dituzte. Honek ez du esan nahi gaztelerara ez dutenik jotzen, baina urte batzuetatik hona egoerak onera egin du. Zentzu horretan, Koikili Lertxundi egiten ari den lana azpimarratu nahi dut. Horrek ere emango dio bultzadatxo bat.
Sentsazioa dut, hala ere, futbolean maiz jotzen dela gaztelerara. Agian, jokalarien artean euskaraz hitz egiteko ohitura bada, baina entrenatzaile gehienek gaztelerara jotzen dute, batez ere taktika eta halakoez hitz egin behar dutenean. Eta harrobiaz ari naiz. Ez daukazu uste bera?
Halaxe da, eta horregatik da hain garrantzitsua harrobian eragitea. Entrenatzaileen formazioa euskaraz egiteko bidea erraztu behar da, eta zorionez, lurraldeetako federazioak lan horretan inplikatzen ari dira. Hori da bidea, gainontzean hutsune hori denboran gehiegi luzatuko da.
Elkarrizketa batean irakurri dut kirolaren terminologia lantzen zuen euskarazko hiztegi bat diruz finantzatu zenuela. Halako erremintak ezinbestekoak dira, ezta?
Hiztegia egin genuen ez zegoelako inongo euskarririk. Hitzak eta bazeuden, baina haiei formatu bat eman behar zitzaien, antolatu egin behar ziren. Bere garaian oso baliagarria izan zela iruditzen zait, bai kirolarientzat eta baita komunikabideentzat ere.
Komunikabideak aipatu dituzu. Kirola jorratzen duen egunkari euskaldunik ez dago, horrek ere lagunduko luke.
Lagunduko luke, bai. Baina bizi dugun egoera ekonomikoan ez dut uste bideragarria izateko zantzu handirik duen. Edozein kasutan, halako egitasmoak bultzatu behar direla iruditzen zait, bai instituzioetatik eta baita beste bide batzuetatik ere.
Futbolaz ere hitz egin beharko dugu. Athletic-en denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da. Lastima bi final horiek galdu izana.
Firmatuko genuke bai, urtero bi final jokatzea. Egia da azkenean zapore gazi-gozoa geratu dela, baina uste dut Athletic-eko zaletuek taldearen jokoarekin eta kirol lorpenekin gozatu egin dutela, eta nik beti errepikatzen dudan moduan, bai lehen eta baita orain ere, zaletuari bizi-poza emateko jokatzen dugu, eta hori behintzat, lortu dugu.
Neskek ere Erreginaren Kopako finala jokatu dute, eta hura ere galdu.
Aurten ez da gure urtea, baina finalak galtzeko jokatu egin behar dira, eta finaletara iritsi aurretik izugarri gozatu dugu.
Datorren denboraldia hobetzen kosta behar zaizue!
Aurtengo emaitzak hor daude, eta horiek errepikatzea nekeza izango da. Bielsak eta jokalariek meritu handia izan dute; lehenak, urtebeteko epean dinamika berri bat ezarri duelako; eta jokalariek, Bielsaren estilora eta sistemara horren azkar egokitu direlako. Aurtengo oinarria hor dago, eta horrek nolabaiteko bermea eta ilusioa ematen digu. Gero hori emaitzetan islatzea ez da erraza izango. Madrilen eta Barçaren aurka lehiatzea oso zaila da, eta Espainiako Liga edo Kopa irabaztea ia-ia ezinezko helburu dira. Baina Europako Txapelketan aukera gehiago izan ditzakegu. Nekezena lehenengo kanporaketak izango dira; kontuan hartu Athletic-eko jokalari asko izango direla Eurokopan eta Olinpiar Jokoetan, eta Liga hasiera gogorra izango da, jokalari horiek atseden gutxi izango dutelako.
Eurokopa jokoan da, eta Euskal Herriko edo Euskal selekziorik ez da Polonia-Ukrainian. Zein sentipen uzten dizkizu egoera horrek?
Euskaldunak futbolean, eta beste edozein kiroletan, oso lehiakorrak gara. Pentsatzen dudan bezala esaten dizut, edozein txapelketetan itxura ona emateko gai gara, oinarria badagoelako, eta harrobiko lana ondo egiten delako. Gero beste kontu bat da hori egiteko aukera izatea edo ez, eta Madriletik entzuten ditugun mezuak ez dira oso baikorrak. Hemen ere pausoak nahi baino motelago ematen ari gara, baina nik ez dut esperantzarik galtzen.
Eta amaitzeko, nork irabaziko du Eurokopa?
Nik bi faborito argi dauzkat, Alemania eta Espainia. Alemaniak oso talde sendoa du, eta Espainiak daukan jokalari taldearekin finalera iriste anormaltzat hartzen dut. Hortik irabaztera beste urrats bat dago, eta gaur egun gero eta zailagoa da halako txapelketa bat irabaztea.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin