Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien hirugarren edizioan, euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik Arlan Eraikuntzako eta Industriako Hornigaiak enpresak eta Skunkfunk-ek jaso dute Bai Euskarari Saria Bilboko Euskalduna Jauregian egin den sarien banaketa-ekitaldian. Joxe Anjel Iribar Athletic-eko atezain ohiak, berriz, Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du bere ibilbide osoaren aitorpen gisa
Entitatean euskara txertatzen aitzindari izan delako, Bizkaian euskara plana abiatu zuen lehen enpresa izan zelako, eta ordutik gaurdaino euskararen aldeko apustu nabarmena egin duelako eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria Arlan-i.
Beste Bai Euskarari Saria Skunkfunk-i eman dio, enpresa berritzailea, gaztea eta dinamikoa izateagatik eta azken urteotan euskara mundura zabaltzeko egin duen lan guztiagatik. Bereiztea zaila da modaren munduan, baina Skunkfunk-ek ezberdina dela eta nortasuna duela erakutsi du, eta gaur egun mundu osoan ditu dendak, Frantzian, Irlandan, Portugalen, AEBetan...
Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Laguna oroigarria Joxe Anjel Iribarri eman dio. Athletic-eko atezain ohia euskal gizartearentzat erreferente izan da, eta euskara mundu guztira zabaldu du ahal izan duen guztietan. Futbola utzi zuenean, futbolaren terminologia lantzen zuen euskarazko hiztegia sortzeko dirua jarri zuen, eta halako hainbat proiektu eta ekarpen egin dizkio euskarari.
“Guztiok eman behar ditugu urrats biziak”
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek, lehenik eta behin, Joxe Anjel Iribar, Arlan eta Skunkfunk zoriondu ditu. Baina sarituez ez ezik Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitate guztiak eta horien atzean lanean ari diren pertsona guztiak izan ditu gogoan.
2012ko Bai Euskarari Ziurtagiriaren spotean oinarrituz egituratu du bere diskurtsoa Gutiérrezek. Guztiok izan behar dugula euskararen lider esanaz abiatu du hitzaldia, eta kalitatea eta profesionaltasuna beharrezko baldintza gisa aurkeztu ditu. Eta jarraian, gertuko eta konfiantzazko izateko ari direla lanean gaineratu du: “Merkatu global honetan bizirauten duten enpresak ez dira enpresarik handienak izaten, hobekien egokitzen direnak baizik. Gure inguruan euskarak gero eta leku handiagoa du eta, horrenbestez, enpresek merkatuaren eskaerei erantzuteko gai izan behar dute”.
Ekitaldia amaitu aurretik, etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmoa iragarri du. Hala, Ziurtagiriaren Elkarteak urte honetarako aurreikusten dituen egitasmoak zerrendatu ditu: Bizkaiko hedapen kanpainarekin aurrera egitea, Bai Ziurtagiriaren Aldizkaria-ren paperezko edizioarekin jarraitzea, martxan jarri berri duten buletin elektronikoa gehiago hedatzea, sektorekako egitasmoak antolatzea, blogeko eta sare-sozialetako jardunean Interneten erreferente bilakatzea, euskararekin zerikusia duten jardunaldi, hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartzea, edota Enpresarean ekimena garatzea.
Azken egitasmo horren harira, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak azaldu du urriaren 2an Enpresarean azoka egingo dela Kursaalen. “Azoka honen bidez lortu nahi den helburu nagusia da enpresei negozio-aukerak handitzea eta proiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak/ produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini”. Azken batean, arlo bereko edo arlo desberdineko enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientzia ezberdinak trukatzea eta hornitzaile/ bezero berriak aurkitzea da xedea. Hori guztia baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitate ezberdinen artean.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin