Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Aldundiaren Jauregian. Hitzarmenak euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka egitea du helburu, eta bi erakundeen izenean, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak eta Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak sinatu dute. Ekimen aitzindaria dugu honako hau, ez baita orain arte halakorik egin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaraz bizitzearen aldeko apustu garbia egin du; horixe da bere hizkuntza politikaren ildo nagusia. Eta helburu horrekin bat dator Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen egitasmoa: euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen eta eragileen azoka egitea.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak duela bi urte Enpresarean egitasmoa jarri zuen martxan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena proiektu horren barne txertatu nahi du. Enpresarean egitasmoaren helburua honako hau da: arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariaren hitzetan, azoka honen bidez lortu nahi den helburu nagusia da enpresei negozio-aukerak handitzea eta proiektu berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. “Horrez gain, euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaratik eta euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du”.
Donostian egingo da, azken hiruhilekoan
Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka aurten egingo da, azken hiruhilekoan, Donostian. Hura antolatzearen truke, 20.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteari.
Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak, bestalde, adierazi du “Gipuzkoako enpresak aitzindariak dira hizkuntza kudeaketarako planak beren ohiko funtzionamenduan txertatzen: Antzuolako Elay, Arrasateko Fagor, Kutxa, Pasaiako Portua edo Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu duten Gipuzkoako 529 erakundeak, adibidez. Bada oraindik zeregina arlo horretan, ordea. Izan ere, euskarak bizitza sozialean aurrera egin dezan, funtsezkoa da alor sozioekonomikoa euskalduntzea, orduen heren bat lanean pasatzen dugu-eta”.
Etxeburuak krisi garai honetan Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea balio erantsia dela adierazi du, “euskaraz lan egiten duten enpresek lehiakortasuna handitzen dutelako”. Gipuzkoako Foru Aldundiak alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko traktore lana egiteko asmoa duela gaineratu du Euskara zuzendariak. Alde horretatik, Foru Aldundiarekin lan egiten duten enpresei zerbitzuak euskaraz ere eskaintzea eskatuko zaiela iragarri du. Etxeburuak esan duenez, “erakundeok ere badugu ardura alor sozio-ekonomikoan euskarak nabarmen aurrera egin dezan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin gaur sinatutako hitzarmenak betebehar horri erantzun nahi dio, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatuta, ideia hori mahai gainean jarri eta sustatu egingo dugulako”.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin