Joan den astelehenean Bai Euskarari Ziurtagiriak Bai Euskarari Sariak banatu zituen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bi sarietako bat Arlan Eraikuntzako eta Industriako Hornigaiak enpresak jaso zuen entitatean euskara txertatzen aitzindari izan delako eta Bizkaian euskara plana abiatu zuen lehen enpresa izan zelako. Aitzakia horrekin Igor Landaluze Arlaneko zuzendari-ordearekin hitz egin dugu.
Nola hartu duzue Bai Euskarari Saria jasotzeko albistea?
Guretzat ohore handia da Bai Euskarari Saria jasotzea. Egia aitortu behar badut, harriduraz eta pozez jaso genuen albistea. Saria guk jasoko dugun arren, gurekin lanean dabiltzan beste enpresak ez nituzke ahaztu nahi, euskararekiko daukaten konpromisoa erabatekoa baita.
Zein da Arlanek euskarari egiten dion ekarpenik handiena?
Gure enpresak, edo Bai Euskarari Ziurtagiria duen beste edozein enpresak, euskarari egin diezaiokeen ekarpenik handiena erabilerarena da, egunero-egunero gure lan-jardunean euskarari protagonismoa eta lehentasuna ematea. Euskararen normalizazioa ez dugu lortuko esparru guztietan euskaren presentzia bermatzen ez badugu, eta gure esparrua lan-mundua da.
Nola baloratzen duzu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lana?
Erabat positiboa da, eta beharrezkoa. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak gidari lana egiten du; konbentzituta nago elkartea existituko ez balitz hainbat eta hainbat enpresa, elkarte, edo dena delakoek ez luketela gaur egun euskararekiko daukaten atxikimendurik. Gainera, Bai Euskararik kolektibo bateko partaide zarela sentiarazten dizu eta sentsazio hori oso garrantzitsua da.
Zer ematen dio Ziurtagiriak zuen enpresari?
Zerbitzua euskaraz emateko gai zarela egiaztatzen du, eta bezeroen aurrean balio erantsi bat da. Enpresan, berriz, Ziurtagiriak hobetzeko motibazioa areagotzen du. Gogoan dut Bidean mailarekin hasi ginela eta gaur egun Zerbitzua euskaraz maila daukagu. Ziurtagiriak zure zerbitzua hobetzen joateko motibazioa eta borondatea ematen dizkizu.
Arlan aitzindaria izan da enpresan euskara planak txertatzen. Nolako bilakaera izan du txertatze horrek?
Joera aldaketa antzeman dugula esango nuke. Bilakaera ez da bat batekoa izan, baina inguruko enpresek Ziurtagiriaren zigilua duzula ikusten dutenean zigilua lortzeko zer egin behar den galdetzen dizute. Nolabait esatearren, Ziurtagiriaren zigiluak Ziurtagiri gehiago erakartzen du. Zentzu horretan, ziurtagiridunok ere hedapen lanean eragiten dugula uste dut, elkarteak egiten duen lanaren osagarria da gurea.
Eta bezero kopuruan eragiten al du?
Konprobatuta daukagu; euskaldunok euskaldunokin gusturago aritzen gara lanean. Ez dut esan nahi gainontzekoekin ez garela ongi moldatzen, baina horrela da. Ziurtagiriari esker bezeroak irabazi ditugu, eta horietako asko euskaldunak.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin