Mikel Feijo: “Euskarak nortasun galanta du, eta lokalismoa mundu globalizatu batean balore handia da”

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Skunkfunk arropa denda saritu du Bai Euskarari Sariarekin. Joan den ekainaren 18an jaso behar zuen oroigarria, Bilboko Euskalduna Jauregian BEZak antolatutako ekitaldi nagusian. Egunotan oso lanpetuta dabiltza Skunkfunk-eko arduradunak salmenta kanpaina eta 2013 urteko bilduma osatzen. Mikel Feijo arropa markako sortzaileak erantzun ditu gure galderak.


Sari banaketa ekitaldian Asian barrena zenbiltzan. Noraino iristen dira ba Skunkfunk-eko arropa?

Zorionez lekutako puntaraino! Txinan izan nintzen, han ere saltzen dugu eta. Txina arropa egin bakarrik ez, salmentarako herrialdea bihurtu da. Bien bitartean, jendea oraindik ere klitxe zaharrekin dabil: kalitate gabeko produktuak direla, merkeak, esplotazioa, eta abar. Txinan etorkizuna gauzatzen ari da… zentzu txarrean ere, baina uste dut hori beste elkarrizketara baterako gai dela.  

Krisi garaiotan merkatua zabaltzea derrigorrezkoa izango da, ala?

Orain dela hamahiru urte ikuspuntu horrekin jaio ginen. Akaso, nire bidaiatzeko grina dela edo... Argi dago Europa gure etxea dela, eta mundua helmuga eta muga bera. Aukera guztiak landu behar dira.

Atzerrian ibiltzen ohituta, euskararen erreferentziarik ba al da hortik zehar?

Euskaldunak ibiltariak ei gara. Euskaldun asko ezagutu ditut han-hemenka, eta munduan zehar euskaraz hitz egitea are gozoagoa da.

Eta kuriositaterik pizte al du?

Baietz esango nuke, eta askok euskararen erreferentzia badute. Tira, Txinan edo Asian, ez… Dena dela, munduan kasik 6.000 hizkuntza ezberdin daude, eta hogei urteren bueltan erdiak desagerturik egongo omen dira. Euskara hizkuntza "kurioso edo bitxia kontzeptutik" aldentzen ez badugu hizkuntz funtzional moduan desagertuko dela argi daukat. Etorkizuna kolokan da, baina euskaldunon eskuetan dago. Ez dago inori errua botatzerik.

Gaiaz aldatuz, gustura hartuko zenuten halako saria jasotzeko deia, ezta?

Ez izan zalantzarik! Egia aitortu behar badut, ezusteko handia izan zen, baina pozik jaso genuen albistea.

Nola baloratzen duzu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lana?

Ezinbestekoa da; ez dago halako beste elkarterik eta guztiz beharrezkoa da.

Skunkfunk-ek Bai Euskarari Ziurtagiria du. Zer ematen dio Ziurtagiriak zuen enpresari?

Gure konpromisoaren kontzientzia... Eta noski, sustapena.

Eta zer Skunkfunk-ek Ziurtagiriari. Zuena bezalako enpresa batek nola eragin dezake euskararen normalizazioan?

Ba normalizazioan eraginez. Hala ere, egiten duguna baino gehiago egin beharko genukeela uste dut. Baina badakizu, gurea bezalako marka batean hamaikatxo frenteri aurre egin behar izate horrek itsutu egiten gaitu. Baina zin egiten dizuet Skunkfunk mundu arteko marka izanik ere, guretzako euskara oso garrantzitsua da, eguneroko tresna. Eta tresna hori munduari erakusten diogu, esate baterako, web gunean.

Eta galderari zuzen erantzunez, Bai Euskarari Ziurtagiriak normalizazio ekartzen digu. Euskarak hori falta du, ospea lortzea normalizazioaz, beste edozein hizkuntzak bezala edozertarako balio duela erakustea. Eta ez guri bakarrik, mundu osoari. Garen moduan adierazten gara, eta euskaraz ere bagara. Euskaldunok normalean ez dugu gure hizkuntza normal erabiltzen; lotsagatik edo erosotasunagatik gaztelerara jotzen dugu. Hortxe dago gure ahuleziarik handiena.

Sinisten duzu euskarak ematen duen balio erantsian? Zuen arloan nola eragiten du horrek?

Lokalismoa mundu globalizatu batean balore handia da. Zentzu batzuetan bueltan gatozela iruditzen zait, back to roots. Baina era berean, nortasun falta nabaria dago hainbeste marka, produktu eta kontsumitzaileen artean. Euskarak hori ere eduki badauka: nortasun galanta. Eta hori ere balio bat da. Ez gara London-Paris-New York marka bat, baina gure sustraiak agerian daude...

Beste ezer gaineratu nahiko bazenu, zurea da hitza.

Egin ala egiten dela, ez dago besterik. Eta guk uste dugun baino erakargarriagoak garela. Gure ekinez gauza txikiak aldatu ditzakegu, euskara ez baita ezer gu gabe. Gogaitu egiten nau hainbeste euskaldun euskararekiko errespetua adieraztea, baina espainolez. Euskarari egin diezaiokegun ekarpenik handiena euskaraz ekitea da.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin