Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Urrrats Biziak Durangaldean kanpaina aurkeztu du gaur eguerdian Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Rober Gutiérrez zuzendariak aurkeztu ditu kanpainaren helburuak eta ildo estrategikoak. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Beñat Gaztelu-urrutiaPlateruena Kafe Antzokiko kudeatzailea, Idurre Maortua Ibaizabal Ikastolako zuzendaria, Mikel Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko presidentea eta Santi Reyes + Dendak elkarteko kudeatzailea izan dira.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2012 urterako ezarritako erronketako bat Bizkaian ziurtagiri kopurua areagotzea da. Lehentasunezko erronka da, Ziurtagiria daukaten 1.500 entitateen artean % 14 baino ez baitira bizkaitarrak –hain zuzen, 203. Eta horien artean, 25 dira Durangaldeakoak–. Horretara dator, hain zuzen, Urrats Biziak Durangaldean kanpainaren aurkezpena, eta helburu berarekin gauzatuko dira 2013ko otsaila bitartean antzeko egitasmoak Getxo eta Portugaleten, Basaurin, Txorierrin eta Bilbon.
Durangaldeko kanpaina iraila eta urria bitartean gauzatuko da. Hilabete horietan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eskualdeko enpresa, elkarte eta entitate ezberdinak bisitatuko ditu “alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiten jarraitzeko, eta bide batez, Bizkaian Ziurtagiridunen kopurua areagotzeko” nabarmendu du Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak.
Jarraian eta labur-labur, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen lan-ildoak aurkeztu ditu: “Ziurtagiria lan-munduaren euskalduntzean eragiteko tresna, eta bide batez, gurekin hartu-emanak hasten dituztenak euskara txertatzen ari direla egiaztatzen dugu”.
Lan mundua, estrategikoa
Edozein hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa, eta estrategikoa, da lan mundua euskalduntzea. Iritzi horretakoa da Gutiérrez: “Ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan”. Horixe da, hain zuzen, elkarteak egiten duen lana.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren onurak –lidergoa, kalitatea, profesionaltasuna, gertutasuna, konfiantza…– aipatu ondoren, “Ziurtagiriak kalitatezko urratsa ematea” adierazten duela nabarmendu du. Bere jardunean euskara txertatzen duten enpresa, elkarte edo entitateek “plus” bat eransten dutela “egiaztatu dutela” adierazi du Rober Gutiérrezek, eta “Ziurtagiriaren bidez, gainera, gizartearekiko eta bezeroekiko erantzukizuna betetzeko ekarpena egiten dute, azken horiei gertutasuna eta konfiantza transmititzearekin batera” erantsi.
Egungo testuinguru ekonomikoan Ziurtagiriaren, krisiaren eta krisiaren ondorioez honoko hausnarketa egin du zuzendariak. “Lehen begiradan badirudi krisi-garaian enpresek gastuak murrizteko izaten duten filosofiaren aurka doala Ziurtagiria. Ez da horrela, ordea, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitate guztiek beren jarduna lehiakorrago egin dutela onartu baitute”.
Gauzak horrela, euskaran inbertitzeko deialdia egin du: “Krisi aldi honetan enpresentzat, komertzio txikientzat edota bestelako entitateentzat lagungarria da euskara bere antolamenduan txertatzeko neurriak eskuratzea”.
Plateruena eta Ibaizabal
Aurkezpen ekitaldia amaitzeko, Rober Gutiérrezek Bai Euskarari Ziurtagiri bana eman die Plateruena Kafe Antzokiari eta Ibaizabal Ikastolari, hain zuzen, Beñat Gaztelu-urrutia Kafe Antzokiko kudeatzaileari eta Idurre Maortua ikastolako zuzendariari. Lehenak, Zerbitzua euskaraz maila eskuratu du, eta bigarrenak, Bidean maila.
“Guretzat oso garrantzitsua da Plateruenak eta Ibaiazabal Ikastolak Ziurtagiria jasotzea. Euskarak liderrak behar ditu; lider erreferenteak, eraldatzaileak, jarrera baikorra eta konfiantzazkoa transmititzen dutenak, ingurukoak motibatzeko gai direnak… eta zentzu horretan bai batek zein besteak bete-betean betetzen dituzte ezaugarri horiek guztiak”, azaldu du.
Beñat Gaztelu-urrutia Kafe Antzokiko kudeatzailearen esanetan, Ziurtagiriak domino efektua sortzen du eta oso tresna baliagarria da. “Guk behintzat, euskararen alorrean ikusi dugu zer hobetua badaukagula, esate baterako, hornitzaileekin, profesionalekin eta elkarte ezberdinekin harremanak euskaraz finkatzeko. Edozein kasutan, gu prest gaude Ziurtagiriarekin batera urratsak emateko”.
Prentsaurrekoa Mikel Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko presidenteak itxi du. Euskararen normalizaziorako aldekotasuna behar-beharrezkoa dela aipatu du, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak horretarako baldintzak jartzen dituela nabarmendu du. Era berean, elkarlanerako bideak zabaltzearen alde agertu da.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin