Erabaki politikoen eragina hizkuntzen kudeaketan

Zorrak, murrizketak, inbertsioak egiteko baliabide eskasia, proiektu berriak martxan jartzeko ezintasuna eta dagoneko abian direnak babesteko arazo ekonomikoak. Udal askoren egunerokotasuna da hori. Zorionez, guztia ez da diru kontua izaten eta badira Administrazioentzat diru kosturik ez duten erabaki politikoak, oso eraginkorrak direnak hizkuntzaren ikuspegitik. Ikusi besterik ez dago Tolosako Udalak hartutako erabakia eta eraikuntza sektoreko enpresengan izandako eragina. Izan ere, herrian egin beharreko lanak zein enpresari esleitu erabakitzerakoan euskara baloratzen du Tolosako Udalak. Administrazioari kostu ekonomikorik ekarriko ez dion erabaki politikoa, alegia. Eta, noski, enpresetako arduradunek hizkuntzaren gaia aintzat hartu eta egiten duten euskararen erabileran arreta  jarri dute. Euskaran inbertitu dute negozio bideak irekiko dizkielako, etekinak emango dizkielako. Tolosako Udalak, Tolosa Lantzen S.A. enpresa publikoaren bitartez, “Berazubi” estadioaren birgaitze eta eraikitzeko obrak prozedura irekiaz kontratatzeko lehen fasea onartu du. Kontrataziorako baldintza pleguan jasotzen denez, euskararen erabilera kreditatzen duten enpresak 4 puntu arte baloratuko dira. Hots, Bai Euskarari Ziurtagiria dutela erakusten duten enpresei 4 puntu emango zaizkie. Aldiz, ziurtagiririk ez duten enpresek ez dute punturik jasoko alor honetan. Obra esleitzeko garaian baloratuko diren beste batzuk dira: eskaintza ekonomikoa (55 punturaino), berdintasuna (4 punturaino), eskaintzaren balio teknikoa (27 punturaino) eta hobekuntzak edo eraiketa ondorengo zerbitzua (10 puntutaraino). Tolosako adibide honek argi erakusten digu enpresek euskaran inbertitzen dutenean (berdintasunean, segurtasunean, giza baliabidetan eta beste alor askotan egiten duten bezala) Administrazioek jokaera hori saritzen dutela. Honen harira, Arabako Foru Aldundiak errepideen kudeaketa esleituko du epe motzean. Aintzat hartuko du hizkuntzaren irizpidea enpresaren hautaketa prozesuan? Tolosako Udalaren antzera jokatuko du? Eta gainontzeko Udal eta Administrazioek, zein jarrera hartuko dute? Arkaitz Illarramendi (Bai Euskarari Ziurtagiriaren teknikaria)

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin