Euskaraz diharduten enpresen arteko lehenengo azoka egin zen atzo Donostiako Kursaal Jauregian, arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea helburu hartuta. Hala, euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bildu ziren, elkarren arteko harremanak estutu, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.
Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordearen eta K2K Emocionando-ko kide Asier Irazustaren hitzaldiak; Fremap, IMH, Kutxa Fundazioa edota Euskadiko Kutxaren aurkezpenak; Elhuyar, Bitarlan edota Mondragon Linguaren erakusleihoak; mahai-inguruak, coworkinga eta gehiago izan ziren azokan.
8:45etan ireki zituen ateak Enpresarean azokaren lehen edizioak eta partaideei ongi-etorria eman eta dokumentazioa banatu ostean, aurkezpen instituzionala egin zuten Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitanok, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Kutxako Gizarte Laneko zuzendari Carlos Ruizek eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezek.
Duela hiru hilabete inguru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak hitzarmena sinatu zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka egiteko helburuarekin. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitanok azpimarratu zuen Enpresarean-ek bete betean jasotzen dituela Aldundiaren hizkuntza politikaren helburuak: “Aldundiak euskaraz bizitzearen aldeko apustu garbia egina du. Alde horretatik, ekimen aitzindari hau ere akuilu izango da alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko prozesuan: beste urrats bat eremu horretan aurrera egiteko.”
Ahaldun Nagusiak euskararen balioa nabarmendu zuen: “Alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeak euskarak bizitza sozialean aurrera egiten laguntzen du. Krisi garai honetan, bestalde, Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea aukera bikaina da, horrek enpresen lehiakortasuna eta balioa handitzen dituelako. Azkenik, euskarak gure lurraldea batzen duen bezala, enpresen eta eragileen barne egitura ere kohesionatu dezake.”
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre berriz, pozik agertu zen Enpresarean lehen azoka Donostian egin zelako: “Donostia ekimen honen aterpe izateaz pozten gara, gure hiria euskararen hiria bilakatzeko bidean baikara, hiri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua daukagu, eta euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea ezinbestekoa da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.”
Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruizek azaldu zuen Kutxak hainbat helburu partekatzen dituela Enpresarean proiektuaren filosofiarekin. Euskara sustatzea batetik, eta bestetik, esperientziak elkartrukatzea:“Pozik gaude Kutxak horrelako egitasmo bat lagundu duelako eta espero dut gaurko azoka oparoa izatea eta fruitu sendoak ematea”.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek adierazi zuenez, Enpresarean (Enpresa sarea, euskaraz) izeneko egitasmoa orain dela bi urte jarri zen martxan euskaraz diharduten enpresenarteko lankidetza bultzatzea helburu hartuta. Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, Donostiako Udalaren lankidetzari esker, eta Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzari esker, baldintza egokiagoetan garatu ahal izango da Enpresarean egitasmoa: “Hala eta guztiz ere, azoka Enpresarean egitasmoaren barneko beste proiektu bat baino ez da, agian orain arteko garrantzitsuena,baina aurrera begira gehiago izango dira. Orain bi urte hasitako bideari etorkizun luzea eta oparoa ikusten diogu“.
Sustraiak hemen izanik, adarrak mundu osorantz
Azokako lehen protagonista Guillermo Dorronsoro, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordea, izan zen. “Sustraiak han dituena. Globalizazioa bertako begiez ikusita” izeneko hitzaldia eskaini zuen 9:45etik 10:45era. Dorronsororen esanetan, gaur egungo globalizazioak ez du balio, ekonomia gizartearen zerbitzura ez dagoen sistema baitu oinarrian. “Kapitalismoa agortuta dago, baina kontua da oraindik ez dugula hori ordezkatuko duen modelorik asmatu. Hala ere, krisi egoera honen aurrean nik fede handiagoa dut krisiaren errua guztiok dugula esaten dutenengan baino, krisitik ateratzen saiatzen ari direnengan. Ez naiz inozoa, baina ilusioak ditut”.
Nola eutsiko diegu gure sustraiei ekonomia global honetan? Galdera horri erantzuten saiatu zen hitzaldian zehar, eta sei gako eman zituen sustraiak eta hegoak izango dituen globalizazio berri bat eraikitzeko: 1) "Gauzak astiro egin behar dira, ez dugu egun batetik bestera aldaketa handirik eragingo. Belaunaldi ezberdinak beharko ditugu”; 2)"Inoiz ez gara helmugara iritsiko, baina bidaia asko egingo ditugu. Bidaiaren ikuspegia da interesgarria”; 3)"Inprobisatzen jakin behar da, aldaketetara egokitzen"; 4)"Memoria historikoa behar dugu gaurkoa ulertzeko"; 5)"Egitasmo bakarrarekin ez tematu, ikuspegi zabala izan. Egitasmo ezberdinak gauzatu behar dira"; 6)"Gauzak beltzak eta zuriak izan daitezke aldi berean. Kontraesanekin bizitzen jakin behar da".
Aurkezpen laburrak eta mahai-ingurua
Lehen hitzaldiaren ondotik, kafea hartzeko tartea izan zuten partaideek 11:15 arte eta bitarte horretan “Speakers corner” delakoa martxan egon zen. Hala, edozein enpresak edota pertsona ekintzailek bere burua aurkeztu eta dituen ideiak edota proiektuak saltzeko aukera izan zuen. Kafearen ondotik berriz, 11:15ean, esperientzia laburren tartea ireki zen. Bertan 15 enpresak 10-15 minutu inguruko aurkezpenak egin zituzten euren enpresaren, jardueraren, produktuen edo zerbitzuen gainean 12:45 bitartean. Honako enpresek hartu zuten parte: Fremap, Laneki, IMH, Kutxabank, Di-Da Komunikazioa, Latz tresnak, Langune, Elduaien, Egunea, Oreka IT, Lacunza, Eutik, Euskadiko Kutxa eta Kooperatibatu.
Eta goizari amaiera emateko, mahai ingurua egin zen Enpresa, euskara, sarea gaitzat hartuta. Mahai-inguruan parte hartu zuten Berria Taldeko Joan Mari Larrartek, Codesyntaxeko Eneko Astigarragak, Akting enpresako Unai Bilbaok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak. Guztiak bat etorri ziren era honetako azokak euskaraz lan egiten duten enpresentzat onuragarriak direla esatean, askotan enpresek elkar ezagutzen ez dutelako eta batak eta besteak egiten duten lana osagarriak izan daitezkeelako.
Euskarak ematen dituen balio erantsiez galdetuta, Larrartek azaldu zuen euskaraz aritzea berak behar lukeela balio. Bilbaoren esanetan, euskarak ematen duen balio handietako bat gertutasuna da. Akting-en guztiak euskaldunak dira, eta beraz, ez dute inoiz pentsatu euskaraz ez egitea, euskaldunak dira eta euskaraz egiten dute. Baina atera zaie proiektu bat edo beste euskaraz lan egiten dutelako. Astigarragak azaldu zuen euskaraz egin dituzten proiektuek, aukera eman dietela Euskal Herritik kanpo saltzeko ere: “Hasieran euskal komunitateari begira sortu ditugu hainbat egitasmo, baina gero kanpora eramateko ere balio izan digute proiektu horiek”. Azkenik, Etxeburuak aipatu zuen, euskaraz hasi direnean konplizitate handia lortu dutela batean baino gehiagotan, langilearen atxikimendua hain zuzen ere, eta beraz, uste du enpresa edo enpresetako kide asko euskaraz nork egingo dien zain ere egoten direla askotan: “Kontuan hartu behar dugu euskararen ezagutza hobetzen ari dela, ez agian kalitatea eta ezta erabilera ere, baina bai ezagutza. Nire ustez enpresa asko oraindik ez dira nahikoa jabetzen horretaz”.
Merkatu sendo bat osatzeko, Etxeburuaren ustez, beharrezkoa da instituzioek bidea egiten laguntzea, eragitea eta bultzatzea: “Adibidez, hori Katalunian asko antzematen da. Instituzioek katalana bultzatzen dutenez eta sustatzen dutenez, oso normalizatuta dago. Instituzioek traktore lana egin dezakete eta egin behar dute”. Ildo berari jarraiki, Larrartek ere uste du ekimen soziala eta bultzada politikoa uztartu behar direla. Bilbaok aldiz, adierazi zuen instituzioek bakarrik ez, jendeak ere ahalegina egin behar duela horretan. “Instituzioen laguntza beharrezkoa da, baina herritarrek ere euren aldetik jarri behar dute”. Astigarragak gaineratu du edozein ekonomiaren herena sektore publikoak osatzen duela. Beraz, horrek normala behar lukeela euskararen merkatuan ere.
Lanerako harreman estilo berriaz
Arratsaldeari ere, goizean egin bezalaxe, hitzaldi batekin eman zaio hasiera. Koldo Saratxaga buru duen K2K Emocionando enpresako kide Asier Irazustak hitzaldia eskainiko zuen lan-harreman estilo berriaren inguruan. Enpresei buruz beharrean pertsonei buruz hitz egitea gustatzen zaie K2K Emocionando-n, enpresa ororen atzean pertsonak baitaude. Hala, K2K Emocionando-k hainbat enpresa, erakunde eta organizaziotan lan harreman estilo berri bat txertatzen lan egiten du, euren ustez garrantzitsuena enpresen atzean dauden pertsonak enpresa-proiektuarekin identifikatuta sentitzea baita: “Pertsonaren balioetan oinarritzen gara. Balio horietatik ahal dugun zukua ateratzen. Horregatik pertsonak diren bezala onartzen ditugu. Denok ditugu hainbat gaitasun eta saiatzen gara baliabideak jartzen edozein pertsona baliabide horiek erabil ditzan. Antolakuntzan askatasuna eta konfiantza behar dira. Pasiodun pertsonak behar ditugu, egiten duten horretan sinesten dutenak”.
Irazustaren esanetan, sormenak berebiziko garrantzia du enpresek aurrera egin dezaten: “Sormena ezagutzen duguna baino urrutirago joatea da; erosotasuna utzi eta berritzaileak izatea”. Hizlariaren ustez, oso garrantzitsua da esperientziak partekatzea bai beste enpresekin eta baita pertsonekin ere. Etengabeko komunikazioa behar da enpresa barruan, bertako pertsonak kide senti daitezen eta denen artean erabakiak har ditzaten. Edozein proiektutan parte izatearen harrotasuna preziorik ez duen balioa da ”.
Arratsaldearekin amaitzeko, 16:30etik 18:30era Lehialkartasuna lelopean coworking saioa egin zuten bertarako enpresa-ordezkariek HUB! Donostia- k lagunduta. Helburua izan zen euskaraz lan egiten duten enpresak elkar ezagutzea, elkarrekin lan egiteko aukerak aztertzea eta negozio aukera berriak hasteko ateak irekitzea.
Honezaz guztiaz gain, stand-ak egon ziren egun guztian zehar, azoka ireki zenetik itxi zenera. Bertan 15 enpresak euren produktuak eta zerbitzuak erakutsi zituzten, euskaraz lan egiteko dauden beharrak asetzera zuzendutakoak izan ziren. Bertan saltzeko aukera izateaz gain, aurrera begira negozioak egiteko ere balio izan zuen.
eAzoka: 1.500 pertsona streaming bidez jarraitzen
Enpresarean azokak badu beste gune bat ere, oso garrantzitsua: sarea, hain zuzen ere. Horrexegatik, webgunea jarri da martxan eta sare-sozialetan ere ireki dira kanalak. Eta gaurkoazoka streaming bidez eman da eta guztira 1.500 ikus-entzule inguru izan ditu sarean. Webgunean Enpresarean proiektuaren berri eman eta berriak nahiz agenda erakusten badira ere, funtsa azoka birtualada. Horrexegatik eman zaio horrelako garrantzia elkarlanerako txokoari nahiz eAzokari. Horietan modu aktiboan parte-hartzeko izena eman behar da. Gutiérrezen esanetan, antolatzaileen nahia da "elkarren arteko konfiantzan oinarrituko den sare birtual sendoa osatzea euskaraz aritzen diren enpresen artean".
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin