Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Urrrats Biziak Galdakaon kanpaina aurkeztu du gaur goizean Galdakaoko udaletxeko Batzorde aretoan. Rober Gutiérrez zuzendariak aurkeztu ditu kanpainaren helburuak eta ildo estrategikoak. Aurkezpen ekitaldian Mari Asun Perez, Udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotzia eta Miren Atutxa Udaleko Hezkuntza eta Euskara teknikaria izan dira, Galdakaoko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak aurkeztu duen egitasmoa babestu baitu.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2012 urterako ezarritako erronketako bat Bizkaian ziurtagiri kopurua areagotzea da. Lehentasunezko erronka da, Ziurtagiria daukaten 1.415 entitateen artean % 14 baino ez baitira bizkaitarrak –hain zuzen, 203. Eta horien artean, bakarra da Galdakaokoa: Valeriano Urrutikoetxea S.A. eraikuntza enpresa–. Horretara dator Urrats Biziak Galdakaon kanpainaren aurkezpena, eta helburu berarekin gauzatuko dira 2013ko otsaila bitartean antzeko egitasmoak Getxon, Portugaleten, Basaurin, Txorierrin eta Bilbon. Aurrez, lehena Durangaldean gauzatu zen iraila eta urria bitartean.
Galdakaoko kanpaina gaur hasi eta hilabeteko epean gauzatuko da. Bitarte horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak udalerriko 135 bat enpresa, elkarte eta entitate ezberdinekin jarriko dira harremanetan “alor sozio-ekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiten jarraitzeko, eta bide batez, Bizkaian Ziurtagiridunen kopurua areagotzeko” nabarmendu du Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak.
Jarraian eta labur-labur, elkartearen lan-ildoak aurkeztu ditu: “Ziurtagiria lan-munduaren euskalduntzean eragiteko tresna da, eta bide batez, gurekin hartu-emanak hasten dituztenak euskara txertatzen ari direla egiaztatzen duena”.
Lan mundua, estrategikoa
Edozein hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa, eta estrategikoa, da lan mundua euskalduntzea. Iritzi horretakoa da Gutiérrez: “Ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan”. Horixe da, hain zuzen, elkarteak egiten duen lana.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren onurak –lidergoa, kalitatea, profesionaltasuna, gertutasuna, konfiantza…– aipatu ondoren, “Ziurtagiriak kalitatezko urratsa ematea” adierazten duela nabarmendu du. Bere jardunean euskara txertatzen duten enpresa, elkarte edo entitateek “plus” bat eransten dutela “egiaztatu dutela” adierazi du Rober Gutiérrezek, eta “Ziurtagiriaren bidez, gainera, gizartearekiko eta bezeroekiko erantzukizuna betetzeko ekarpena egiten dute, azken horiei gertutasuna eta konfiantza transmititzearekin batera” erantsi.
Egungo testuinguru ekonomikoan Ziurtagiriaren, krisiaren eta krisiaren ondorioez honoko hausnarketa egin du zuzendariak. “Lehen begiradan badirudi krisi-garaian enpresek gastuak murrizteko izaten duten filosofiaren aurka doala Ziurtagiria. Ez da horrela, ordea, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitate guztiek beren jarduna lehiakorrago egin dutela onartu baitute”.
Gauzak horrela, euskaran inbertitzeko deialdia egin du: “Krisi aldi honetan enpresentzat, komertzio txikientzat edota bestelako entitateentzat lagungarria da euskara bere antolamenduan txertatzeko neurriak eskuratzea”.
Udalaren babesa
Urrats Biziak Galdakaon kanpainaren aurkezpenak Galdakaoko Udalaren babesa jaso du. Aurkezpen ekitaldian Maria Asun Pérez Hezkuntza eta Euskara zinegotziak “Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak aurkeztu duen kanpaina Udalak azken urteotan euskararen normalizazioa sustatzeko indarrean jarri duen hizkuntza politikarekin bat datorrela” azpimarratu du. Zentzu horretan, lan munduan eta arlo profesionala euskalduntzeko ahaleginetan dabiltzala adierazi du.
Era berean, helburu hori lortzeko eragile ekonomikoek duten garrantzia nabarmendu du: “Ezinbestekoak dira. Sektorean euskara txertatzeko egiten duten lanaz haratago, gure hizkuntza sustatzeko eta erabilera areagotzeko egiten duten ekarpenagatik. Galdakaoko Udaletik oso argi daukagu hori horrela dela, eta gaur aurkeztu den kanpainak helburu hori betetzen lagunduko duela ez dugu zalantzarik”.
Une honetan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta Galdakaoko Udala etorkizunean elkarlanean aritzeko bideak aztertzen ari dira.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin