Euskaraz bizi nahi dut!

Bideo-manifestua from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

“Eguerdi on, Ni Ataundarra naiz, Leire izena dut eta Aretz eta Ortziren ama naiz. 2008an jaio zen lehena, 2011an bigarrena. Bi semeen jaiotzak nire bizi guztia goitik behera aldatu du. Bizitzeko moduaz gain, pentsatzeko moduak ere beste dimentsio bat hartu du. Denboraren nozioak aldatu dira. Gaua eta egunaren antolaketak, otorduak, jolasak, galdera-erantzunak, komunikazioa, eztabaidak, muxuak… Hartu dudan erantzukizunak ez du neurririk. Izan ere, ditudan helburuak oso-oso zehatzak dira. Niri dagokit nire semeen ongizatea bermatzea. Irribarrea ahoan zoriontsuak izatea nahi dut. Eta batez ere, erabakiak hartzeko askeak izatea. Guzti hori lortzeko borrokatu nahi dut eta borrokatuko naiz. Izan ere, bere eskubideak ez urratzea nahiko nuke. Konpromisoak betetzea bihurtu da nire bizitzaren ardatza. Baina, bat batean ohartzen naiz guzti hori ez dagoela soilik nire esku. Izan ere, posible al da guzti hau gurasook soilik eskaintzea? Ni, zuek bezala, gizarte honetako partaide naiz. Eta guzti honen zentzua soilik, elkarrekin bizipenak konpartitzean lor dezakegula uste dut. Hau da, besteekin gara edo ez gara. Guzti honengatik, argi daukat zuen laguntza behar dudala. Eta ozenki diot zuen laguntza behar dudala. Kalean, lanean, euskara erabiltzeagatik inoiz umiliatua sentitu izan naiz. Euskararen erabilpen esparruak oso urriak dira eta euskara ezin erabiltzeak tristura eta egonezina sortzen dizkit. Baina argi daukat aldi berean ez dudala horrelakorik nire semeentzat nahi.Horregatik, niregatik eta nire semeengatik eskatzen dizuet gaur hemen esandakoak oso kontuan har ditzazuen. Herritar moduan, ama baten bihotzetik eskatzen dizuet nire, gure hizkuntza-eskubideak babesteko. Izan ere zuek hartzen dituzuen erabakien ondori zuzena baita. Nik aspaldi hartu nuen guzti hau lortzeko eta bermatzeko konpromisoa. Eta zuek?” Leire Munduatek, 2012ko maiatzaren 4an Donostian Kontseiluak Euskararen Gutxienekoak aurkezteko ekitaldian egindako adierazpena. Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait. Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da. Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza-komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea. Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubidea izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea. Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada. Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu. Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin