Lazarraga Sarien bigarren edizioko finalistak laster ezagutaraziko dira

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak laster ezagutaraziko dute LAZARRAGA SARIEN bigarren edizioko finalisten zerrenda. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 30ean egingo da eta momentuz, finalisten berri emango dute soilik –irabazleen izenak sari banaketa ekitaldira arte ez dira ezagutuko–.

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta Iciar Lamarain Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak joan den urriaren 19an aurkeztu zituzten LAZARRAGA SARIAK, Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskararen alde lan egiten duten entitateak edota pertsonak saritzeko xedearekin.

Urriaren 19tik azaroaren 7ra bitartean hautagaitzak jasotzeko epea zabaldu zen. Handik eta hemendik jaso dira hautagaiak –merkataritza ganbaratik eta kuadrilletako teknikarien, euskaltegien, sindikatuen, enpresa, kooperatiba-elkarteen edota aholkularitza-enpresen bidez– eta epaimahaikideek 49 hautagaietako bakoitzak egindako merituak aztertu eta baloratu ondoren, kategoria bakoitzeko hiruna eragile nabarmendu dituzte, hots, kategoria bakoitzeko hiruna finalista.

Sari banaketa Bibat museoan egingo da, aurrez zehaztu bezala azaroaren 30ean. Egun horretan hizkuntza paisaiaren etiketatzean, kontratazio eta barne dokumentazioan, jarduera nabarmena egiten eta euskara kanpoko harremanetan erabiltzen nabarmendu direnak sarituko dituzte. Era berean, euskararen gizarte erabilerako ekarpen esanguratsua egin duen norbanakoa sarituko dute.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin