Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzeko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hiru Mintzodromo antolatuko ditu azaroaren 28an Gasteizko Artium Museoan, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin.
Aurreko urteko esperientziaren arrakastak animatuta, bigarren edizioa antolatzea erabaki du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak. Egitasmoan Gasteizko ikastetxe ezberdinetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ariko dira, eta beraiekin batera Arabako zenbait aurpegi ezagunek ere parte hartuko dutela aurreratu dute. Aurtengoa Artium museoan izango da eta hiru txanda antolatu dituzte; txanda bakoitzeko gutxienez 152 lagun izango dira, gehienak ikasleak, beraz, 450 mintzalagunek parte hartuko dute.
Parte-hartzaileek, lau laguneko taldetan banatuta, 15 minutuko mintzapraktikak egingo dituzte eta denbora tarte horretan hiru gairen (Lagunartean oporretan, lana eta ikasketak) inguruan hitz egingo dute euskara hutsean euren iritziak konpartitu eta hizkuntza praktikatzeko asmoz. Lehenengo txanda goizeko 10:00etan hasiko da, bigarrena 11:30ean eta azkena eguerdiko 13:00etan.
Etorkizuna lantzen
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezen esanetan, ikasleekin antolatzen diren era honetako ekimenak “oso baliagarriak dira, batetik, euskaraz egiteko erraztasun eta ohitura handirik ez duten pertsonei euskaraz aritzeko modua eskaintzen zaielako. Baina bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, eta batez ere elkartearen lana, gizarteratzeko aukera ematen dutelako”.
Zentzu horretan, Mintzodromoak ikasleekin antolatzearen arrazoiak azaldu ditu zuzendariak. “Lehenengo irakurketa batean halako saio bat ikasleekin antolatzea arraroa gerta litekeela ulertzen dugu, baina badu bere azalpena: izan ere, gazte hauek kontsumitzaile diren neurrian, euskararen presentzia areagotu dezakete komertzio, denda edo antzekoetan. Lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazten baditugu, egunerokotasunean halako ohiturak bereganatuko dituzte, eta horrek komertzioetako, dendetako… arduradunen hizkuntza irizpideetan eragin dezakeela pentsatzen dugu”.
Bestalde, gaur eguneko ikasleak etorkizuneko lan merkatuko partaide izango direla kontuan hartu behar da. Zentzu horretan, Gutiérrezen iritziz, “ikasle horiek hezi egin behar ditugu, eta ikasle horiei alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia onuragarria dela, balio erantsia ematen duela edo lehiakorra dela sinestarazi behar diegu, eta horretarako garrantzitsua da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta bere jarduna ezagutaraztea. Eta Mintzodromoak horretarako aukera ematen digu”.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartetik jakinarazi dutenez, parte-hartzaileen artean Baskoniaren eta Alavesen partidak zuzenean ikusteko sarrerak zozketatuko direla jakinarazi dute.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin