Euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatzeko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hiru Mintzodromo antolatu ditu gaur, azaroak 28, Gasteizko Artium Museoan, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariarekin batera, Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Burua eta Udaleko Alfredo Iturricha Lehendakaritza, Kirol, eta Herritarren parte-hartzearen alorreko zinegotzia eta Patxi Martinez de Marigorta Euskara Zerbitzuko burua izan dira.
Aurreko urteko esperientziaren arrakastak animatuta, bigarren edizioa antolatzea erabaki du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak. Egitasmoan Gasteizko 14 ikastetxetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 450 ikaslek hartu dute parte Gasteizko Artium museoan egin den saioan. Hiru txanda antolatu dituzte: lehen txanda 10:00etan hasi da eta K. Mitxelena, Murgia, J. Obrero eta Diocesanas ikastetxeetako 152 lagunek hartu dute parte; bigarren txanda 11:30etan hasi da eta Sdo. Corazon Karmeldarrak, S. Viator DBH, Diocesanas, Marianistak, eta Sdo. Corazon Corazonistas ikastetxeetako 135 ikaslek hartu dute parte; azkenik, hirugarren eta azken txandan, 13:00tan hasita, Mendebaldea, M. Unamuno, Ikasbidea, Olabide, eta S. Viator-Batxi ikastetxeetako 146 ikasle aritu dira.
Parte-hartzaileek, lau laguneko taldetan banatuta, 15 minutuko mintzapraktikak egin dituzte eta denbora tarte horretan hiru gairen (Lagunartean oporretan, lana eta ikasketak) inguruan hitz egin dute euskara hutsean euren iritziak konpartitu eta hizkuntza praktikatzeko.
Etorkizuna lantzen
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezen esanetan, ikasleekin antolatzen diren era honetako ekimenak “oso baliagarriak dira, batetik, euskaraz egiteko erraztasun eta ohitura handirik ez duten pertsonei euskaraz aritzeko modua eskaintzen zaielako. Baina bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, eta batez ere elkartearen lana, gizarteratzeko aukera ematen dutelako”.
Zentzu horretan, Mintzodromoak ikasleekin antolatzearen arrazoiak azaldu ditu zuzendariak. “Lehenengo irakurketa batean halako saio bat ikasleekin antolatzea arraroa gerta litekeela ulertzen dugu, baina badu bere azalpena: izan ere, gazte hauek kontsumitzaile diren neurrian, euskararen presentzia areagotu dezakete komertzio, denda edo antzekoetan. Lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazten baditugu, egunerokotasunean halako ohiturak bereganatuko dituzte, eta horrek komertzioetako, dendetako… arduradunen hizkuntza irizpideetan eragin dezakeela pentsatzen dugu”.
Bestalde, gaur eguneko ikasleak etorkizuneko lan merkatuko partaide izango direla kontuan hartu behar da. Zentzu horretan, Gutiérrezen iritziz, “ikasle horiek hezi egin behar ditugu, eta ikasle horiei alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia onuragarria dela, balio erantsia ematen duela edo lehiakorra dela sinestarazi behar diegu, eta horretarako garrantzitsua da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta bere jarduna ezagutaraztea. Eta Mintzodromoak horretarako aukera ematen digu”.
Parte-hartzaileen artean Baskoniaren eta Alavesen partidak zuzenean ikusteko eta Jimmy Jazz aretoan zuzeneko kontzertua ikusteko sarrerak zozketatu dira.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin