Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía, Lazarraga Sarien irabazle

Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako lau entitate eta pertsona bat saritu dituzte euren lan ingurunean euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik, gaur 19:30ean hasita Gasteizko Bibat museoan egin den Lazarraga Sarien bigarren banaketa-ekitaldian. Iciar Lamarain Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak banatu dituzte sariak.

Guztira 51 hautagai aurkeztu dira bost kategoriatan Lazarraga Sarien bigarren ediziora, horien artetik 15 finalista iritsi dira gaurko ekitaldira, eta gaur jakinarazi dira Lazarraga Sarien bigarren edizioko irabazleek izenak: Abel Enbeita bertsolaria, Cuadrabus garraio enpresa, Gometegui bulego teknikoa, Assa Ikastola eta Villa Lucia ardandegia.

Abel Enbeita izan da ekintza aipagarriren bat egiteagatik edo hizkuntza zerbitzuan aldaketa bat egiteagatik ematen den sariaren irabazle, Arabako bertsolaritzan eta hainbat neurritan kulturgintzan egindakoa lanarengatik. Berau izan zen Arabako lehenengo bertso eskolen sortzailea eta orduan ereindakoa fruituak ematen ari da. Bera da Arabako eskoletan bertsolaritza umeengana iristeko bidea ireki zuena ere. Abel Enbeitarekin batera sarirako izendapena jaso dute Blanca Gómez de Segura zeramika-egileak eta Andoni Landa euskara irakasleak ere. Orain bi urte Kepa Mendiak jaso zuen sari hau.

Hizkuntza-paisaian euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria Cuadrabus garraio enpresarentzat izan da. Enpresa hau euren hizkuntza paisaian euskara txertatzeko era integralean eragiten ari da, Cuadrabuseko instalazio guztietan elebitasuna bermatzea helburu hartuta. Autobusetako hizkuntza pasaia aldatzen ari da etengabe eta gidarien hizkuntza ere egokitzen ari dira haien lehen hitza euskaraz izan dadin. Horretarako, euskara klaseak hartzen dituzten lan orduetan. Cuadrabuseko instalazioetan (Amurrio eta Gasteizko bulegoak eta Laudio, Amurrio, Bergara eta Etxebarriko nabeak) errotulazioa elebiduna da. Cuadrabusekin batera sari hau irabazteko izendatuta zeuden Lekue Farmazia eta Arabako Txakolina ere.

Gometegui bulego teknikoarentzat izan da barne-harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den Lazarraga Saria. Lehentasunez zein behar zituzten identifikatu ostean, fitxa teknikoak sortzea erabaki dute. Horien bidez industriako lan prozesuak euskaraz azaltzen dira modu grafikoan enpresako langileek uler eta erabil ditzaten. Hurrengo urratsa inguruko eskoletako ikasleei euren asmoaren berri ematea da, hala enpresara praktikak egitera joaten direnean, euskaraz lan egiteko modu horren berri izan dezaten. Sari hau irabazteko, Gometeguirekin batera izendatuta zeuden Cegasa eta Amurrioko autoeskola ere.

Euskara sustatzeko ekintza berezi eta eraginkorren bat garatu duen entitateari ematen zaio saria Assa Ikastolarentzat izan da 1978 urtetik hona euskararen normalizazioaren aldeko lan garrantzitsua egiteagatik egunez egun. Eskualde osoan erreferente bihurtu da eta gizarte elebiduna lortzeko bidean bera da eragile nagusia. Ikastolako komunitate osoak- irakasle, guraso, ikasle eta ikasle ohiak- ere helburu berarekin dihardu. Assa Ikastolarekin batera sari hau jasotzeko izendatuta zeuden Geu Elkartea eta Artepan ere.

Azkenik, Villa Lucia ardandegiak irabazi du kanpo harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria. Kanpotik datorren turismoan indar handiz eragiten ari den enpresa da. Villa Luciara bisitariak doako bisita egin lezake azalpen guztiak euskaraz jaso eta irakurriz. Horrez gain, bisitaldian zehar eskura dezaketen material eta informazio guztia ere euskaraz daukate. Sari hau jasotzeko, Villa Luciaz gain, izendatuta zeuden Ibernalo eta Zadorra Etxea ere.

Lazarraga Sariketako epaimahaia ondoko hauek osatu dute: Blanca Lacunza, Arabako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria; Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiria Elkarteko zuzendaria; Karmele Jaio, arabar idazlea; Patxi Martínez de Marigorta, Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuburua; Maria Fernández de Romarategi, Merkataritza Ganbarako Merkataritza arduraduna; Beñat Mendiguren, Amurrio udaleko Euskara teknikaria eta Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua.

Irabazleek, Lazarraga arabar idazlearen eskuizkribuaren kopia eta haritzez egindako hilarri-eskultura bana jasoko dute, eta gainontzeko hautatu finalistek euskararen normalizazioaren alde egiten duten lana jasotzen duen diploma, besteak beste.

Errekonozimenduaren gaua

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek hasteko zorionak eman dizkie gaur Lazarraga sariak eskuratu dituztenei, baina baita hamabost finalistei ere. Bere esanetan, hizkuntzaren normalizaziorako bidean, berebiziko garrantzia baitu lan munduan euskaraz normaltasun osoz aritzeak: “Benetako errekonozimendua merezi du zuen ahaleginak, eta gizarte osoaren aurrean ikustarazi behar da zuen lan eredugarria”.

Bestalde, Gutiérrezek gogora ekarri du lan-taldea, koordinazioa eta gizarte elkarteen, enpresa taldeen eta erakundeen arteko adostasuna funtsezkoak direla euskarari etorkizun oparoa eman nahi izanez gero: “Ziurtagiriaren Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak izan duten elkarlana eredugarria da. Gustatuko litzaiguke norabide berean aurrera egin ahal izatea lankidetzarako aukera berriak zabalduz erakunde eta elkarte mota guztien artean”.

 

 

 


 

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin