Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2013ko urtarriletik ekainera bitartean Plan Estrategikoa (2013-2015) zehaztuko du. Proiektu honen bidez Ziurtagiriaren Elkartearen norabidea behar bezala finkatzeko eta garatzeko urratsak zehaztu nahi dira. Kudeaketa planaren definizioa ez da hutsetik abiatuko. Bere garaian “Ziurtagiriaren Elkartearen estrategia, 2009-2012” onartu zen, elkartearen misio, balio eta ikuspegia definituz.
Prozesua gidatzeko talde eragilea sortu da. Bertan, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, bi teknikarik, Zuzendaritza Batzordeko bi kidek eta aholkulari batek hartzen dute parte. Talde eragilearen eginkizuna bilerak dinamizatzea eta jasotako ekarpenak biltzea izango da. Erabiliko den metodologia, berriz, hausnarketarena izango da. Saio horietan kreatibitate eta berrikuntza tresnak erabiliko dira, baita dinamika parte hartzaileak. Helburua da saio operatiboak eta emankorrak lortzea.
Joan den ostiralean, otsailaren 1ean, hausnarketa prozesuko hirugarren bilera egin zuten –aurrez talde eragilea birritan elkartu zen–. Zuzendaritza taldeko kideak, Ziurtagiriaren Elkartearen lantaldea eta komunikazio aholkulariak bildu ziren. Azkeneko bilkurako helburua izan zen identifikatzea urte hauetan zertan asmatu den, zertan ez den asmatu, zer da ikasi dena, etorkizuneko aukerak zein diren edota aurrera begira zer egin daitekeen diferente.
Bilerak luze jo zuen. Ondorio nagusia, hauxe: orain arte proiektu arrakastatsua izan dela, baina askoz hobea eta arrakastatsuagoa izan daitekeela aukera guztiak behar bezala baliatuta.
Bilera gehiago
Ziurtagiriaren Elkartearen Plan Estrategikoa (2013-2015) garatu ahal izateko, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak interes taldeak identifikatu ditu eta hausnarketa prozesuan parte hartzera gonbidatuko ditu.
Interes taldeak ugariak dira: ziurtagiria daukaten entitateak, zuzendaritza taldea, aholkularitza sektorean ari diren enpresak, administrazioak edo Elkartean bertan lanean ari diren pertsonak. Bilera-egutegia zehaztuta dago, eta bilera horietara gonbidatuko dituzte. Hala ere, ekarpenak egiteko bestelako aukerak badirela jakinarazi dute Ziurtagiriaren Elkartetik: blogaren bidez edo info@baieuskarari.org posta helbidera idatziz.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin