Management eta hizkuntza-plangintza uztarri berean
Xabier Erize nafar soziolinguista da. Zazpi urtez (2004-2011), Nafarroako Kutxaren Hizkuntza Garapena nahiz Gizarte Erantzukizuna arloetako sortzailea eta zuzendaria izan da, eta azken aldian
Management-a eta hizkuntza plangintza elkartzeko proposamena lantzen dabil.
Management-a zer den galdetuta, enpresa eta erakundeen zuzendaritzaz arduratzen den diziplina gisa aurkeztu digu. “Erakunde bateko zuzendaritzak eta arloz arloko arduradunek elkarrekin duten jakintzen multzoa da”. Normalean, hizkuntzak enpresan txertatu nahian ibili bada euskalgintza, oraingoan Erizek alderantzizko bidea proposatzen du: aztertu enpresa munduak zer erakusten digun hizkuntza-plangintzarako. Nafar soziolinguistaren iritziz,
management-eko kontzeptu nagusiak “oso erabilgarriak” lirateke hizkuntza-plangintzan.
Inspirazio iturri oparoa dela dio, “baina, noski, errezetarik ez duela ematen” argitu du. Bere iritziz, hizkuntza-plangintzara,
management-ak egiten duen ekarpenik nagusiena “bezeroak/herritarrak erdigunean jartzea eta bere nahiak eta beharrak” aintzat hartzea da. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da “herritarren nahiak eta balio linguistikoak ikertzea”, eta bestetik, ikuspegi aldaketarako prestutasuna agertzea, “geure buruari begiratuz eta galdetuz, ez bakarrik kanpoko faktoreei”.
Hutsuneez ere aritu da.
Management-aren kontzeptuak hizkuntza-plangintzan aplikatu ahal izateko, management-aren eta soziolinguistikaren arteko elkarlana zabaldu behar dela dio. “Bi norabidetan egin beharreko ekarpena litzateke: alde batetik, hizkuntza-plangintza sustatzen duten eragileek management-era gerturatzea eta beretik edatea; eta, bestetik,
management-eko adituek haien ezagutzak hizkuntza-plangintzara ekartzea”.
Bide beretik, soziolinguistikan jadanik zeuden antzeko kontzeptuak berreskuratu behar direla dio; besteak beste, hizkuntza-hautaketa (language choice) edota euskarak abantaila kualitatiboak bilatzea erdararekiko. Eta hemen,
Jose Maria Sanchez Txepetx hizkuntzalariak bere garaian nabarmendu zituen berdintasunaren balioa edo tipo linguistikoen optimizazioa.
Edozein kasutan, Xabier Erizek
management-a eta hizkuntza-plangintza elkartzeko egindako lanketa hausnarketara bideratuta dago. Eta hausnarketa horretan hainbat galdera aireratzen ditu: zergatik “erosi” beharko nuke euskara?; euskarak produktu- ala bezero-orientazioa darama gaur egun?; zer baloratzen dute euskararen bezeroek?, zer nahi dute euskara erosten dutenean?; zergatik ez dute erosten euskararen bezero ez direnek?; zein da euskararen abantaila konpetitiboa?; zein da euskararen diferentziazioa?; merkatu orokorrera ala segmentu fokalizatu batzuetara bideratu behar da euskararen sustapena?; zer egin behar du euskalgintzak euskararen merkatu-kuota (jarreretan, ezagutzan eta erabileran) berriro hazkunde zikloan jartzeko?...
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin