Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian udaletxe zaharreko pleno aretoan. Juan Luis Illarramandi Zarauzko alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea helburu duen akordioa. Hitzarmena Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Euskara zinegotziak aurkeztu du eta Ziurtagiria daukaten Zarauzko eragileak bertaratu dira.
Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2005 urtean sinatutako akordioa berritu dute gaur eguerdian Zarauzko udaletxe zaharreko pleno aretoan, bi eragileen arteko lankidetza publiko eginez. Udalak, bere aldetik, 4.840 euro inbertitu ditu udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu: ebaluazioak egingo dituen teknikariari formazioa ematea; koordinazio eta segimendu lanak egitea; Ziurtagiria daukaten entitateen fitxak aztertzea, zuzentzea, maila aldaketak gainbegiratzea eta teknikariari laguntza ematea; eta Ziurtagiria duten entitateei ebaluazio fitxa bidaltzea, eta horrela eskatuz gero, euskarriak eskura jartzea.
Hitzarmen ekitaldian emandako datuen arabera, egun Zarautzen 44 saltokik, enpresek eta elkartek eskuratu dute Ziurtagiria. Horien artean hiruk “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” maila gorena lortu dute; beste hogeita bederatzik “Zerbitzua Euskaraz” maila eta gainontzeko hamabik “Bidean” maila. Oro har, 550 inguru langileri eragiten dio Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sinatutako hitzarmena. Eta herriko pertsonengan izango duen eragina ere nabarmentzekoa da.
Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Izan ere, lankidetza hitzarmenean jasotzen den bezala, “bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko baitu”. Eta finean, eguneroko lana indartu. Biek ala biek bat egiten dutelako helburuetan, alegia, Zarauzko Udala azken urteotan aurrera eramaten ari den hizkuntza-politika eta alor horretan egindako ekintzak bat datoz Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak dituen helburuekin.
Bi aldeak, pozik
Gari Berasaluze Udaleko Euskara zinegotziak Ziurtagiria duten 44 establezimendu eta enpresei eskerrak eman dizkie, eta lankidetzan jarraitzeko eskua luzatu die. Zarauzko Udalarentzat gure herrian euskaraz bizi ahal izatea lehentasunezko helburua dela adierazi du eta, Ziurtagiaria bezalako ekimenak aurrerapauso nabarmenak direla guztion artean egin behar dugun bide horretan. "Zarautz herri euskalduna da eta guztioi dagokigu euskaraz bizitzeko ahalegina egitea. Euskararen normalizazioa erakundeetatik bultzatu behar da baina ez da nahikoa izango gizartearen konpromisoa lortzen ez bada".
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak bere aldetik, Ziurtagiria eskuratu dutenen konpromisoa nabarmendu du “euskara lanean txertatzeko egiten duzuen ahaleginak lan mundua ez ezik gizartea bera euskalduntzeko ere garrantzi izugarria baitu. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, bakoitza zuen esparruan eta inguruan euskararen normalizazioa sustatzen ari zarete”.
Zentzu horretan, Zarauzko gainontzeko saltoki, enpresa eta elkarteetako ordezkariak urrats biziak ematera gonbidatu ditu eta gainontzeko eragileak ausardiaz jokatzera animatu ditu, beti ere, euskara egunerokotasunean erabiltzeko helburuarekin.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin