Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena berritu dute Ziurtagiriaren Elkarteak eta Zarauzko Udalak

Udalerriko hainbat Ziurtagiridunen presentziarekin, 2005 urtean abian jarritako lankidetza hitzarmena berretsi zuten atzokoan Juan Luis Illarramendi Zarauzko Alkateak eta Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko Zuzendariak, prentsaurrean eginiko agerraldian. Bi aldeak pozik agertu ziren hitzarmena sinatu berritan. Izan ere, lankidetza hitzarmenean jasotzen den bezala, bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko baitu. Eta finean, eguneroko lana indartu. Biek ala biek bat egiten dutelako helburuetan, alegia, Zarauzko Udala azken urteotan aurrera eramaten ari den hizkuntza-politika eta alor horretan egindako ekintzak bat datoz Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak dituen helburuekin. Horren harira, Gari Berasaluze Udaleko Euskara Zinegotziak Ziurtagiria duten 44 establezimendu eta enpresei eskerrak eman  eta lankidetzan jarraitzeko eskua luzatu zien. Zarauzko Udalarentzat euskaraz bizi ahal izatea lehentasunezko helburua dela eta guztion artean egin beharreko bidean Ziurtagiaria bezalako ekimenak aurrerapauso nabarmenak direla azpimarratu zuen. "Zarautz herri euskalduna da eta guztioi dagokigu euskaraz bizitzeko ahalegina egitea. Euskararen normalizazioa erakundeetatik bultzatu behar da baina ez da nahikoa izango gizartearen konpromisoa lortzen ez bada". Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, bere aldetik, Ziurtagiria eskuratu dutenen konpromisoa nabarmendu zuen “euskara lanean txertatzeko egiten duzuen ahaleginak lan mundua ez ezik gizartea bera euskalduntzeko ere garrantzi izugarria baitu. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, bakoitza zuen esparruan eta inguruan euskararen normalizazioa sustatzen ari zarete”. Atzokoan izenpetutako akordioaren arabera, Udalak 4.840 € inbertituko ditu Ziurtagiria udalerrian hedatzeko eta Ziurtagiriaren Elkarteari dagokio lan teknikoa egitea. Egun, Zarautzen 44 saltokik, enpresek eta elkartek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Horietatik hiruk Zerbitzua eta Lana Euskaraz maila gorena lortu dute; beste hogeita bederatzik Zerbitzua Euskaraz maila eta gainontzeko hamabik Euskararen Bidean maila. Oro har, 550 inguru langileri eragiten dio zuzenean Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sinatutako hitzarmena eta nabarmentzekoa da udalerriko herritarrengan ere izango duela eragina, euskaraz kontsumitzeko aukerak zabalduko zaizkien neurrian.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin