Urrats Biziak Lemoan


  • Lemoako Udalak udalerrian Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena egiteko inbertsioa aurreikusi du 2013ko aurrekontuan
  • Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikari batek bisitak egingo ditu herriko komertzio, enpresa eta elkarteetan

Lemoako Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Lemoako udaletxean. Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute Urrats Biziak Bizkaian egitasmoaren baitan kokatzen den elkarlanerako hitzarmena. 2013 urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak 2012 urtean ezarritako erronketako bat Bizkaian ziurtagiri kopurua areagotzea izan zen. Orduz geroztik hainbat hedapen kanpaina egin ditu Bizkaian, Urrats Biziak Bizkaian izeneko egitasmoaren baitan –aurrerantzean Bizkaiko hedapenarekin jarraitzea aurreikusten da–.

Gaur eguerdian Lemoako Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak sinatu duten elkarlanerako hitzarmena egitasmo horren baitan kokatzen da. Izan ere, Ziurtagiria daukaten 1.400 pasatxo entitateen artean % 14 baino ez dira bizkaitarrak; hain zuzen, 203. Eta horien artean bi baino ez dira lemoztarrak: Kirlan Kirol Lanak S.L. eta Lemoako Udala –biek ala biek Euskararen bidean maila kreditatzen dute–.

Egoera irauli asmoz, datozen hilabeteotan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikari batek udalerriko komertzio, enpresa eta elkarteak bisitatuko ditu Lemoako Udalaren babesarekin. Horrela jasotzen da gaur eguerdian sinatu duten hitzarmenean: “Lemoako Udala Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoan lankidetzan ari da Ziurtagiriaren Elkartearekin, eta horretarako behar diren baliabideak aurreikusi ditu urteko plangintzan eta aurrekontuan”.

Lankidetza horren truk, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak honako eginkizun hauek bete beharko ditu: Ziurtagiriaren ebaluazio eta hedapena egitea, hau da, Ziurtagiria eskuratzeko interesa duten entitateei euren hizkuntza-egoeraren azterketa egitea, Ziurtagiria lortzen duten entitateen fitxak aztertzea, zuzentzea, dagokien Ziurtagiri maila ematea eta Ziurtagiria duten entitateei ebaluazio fitxa eta Ziurtagiriaren euskarriak bidaltzea. Horrez gain, hedapen kanpainak irauten duen bitartean harreman zuzena edukiko du Lemoako Udalarekin eta zuzeneko informazioa emango dio.

Euskararen sustapenean inbertitzea

Lemoako Udalak, berriz, kanpaina babesteaz gain, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten udalerriko enpresei diru-laguntzak emateko inbertsioa egingo du. Langile kopuruaren arabera, 72 eta 85 euro bitarteko laguntzak emango ditu Udalak.

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Saioa Elejabarrieta alkateak Lemoako udalak 2012. urtean elkartearekin hitzartu zuen konpromisoa berretsi duela azpimarratu du eta hitzarmen berri honekin Lemoako elkarte eta enpresa desberdinak Bai Euskarari Ziurtagiria atera dezaten animatu nahi ditu horretarako propio bideratuko den diru-laguntza emanaz.

Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak bere aldetik, eskerrak eman dizkio Lemoako Udalari arlo sozio-ekonomikoan euskaren erabilera sustatzeko lanean bidelagun izateko hartu duen erabaki eta konpromisoarengatik. “Guretzat oso garrantzitsua da Udalaren babesarekin aritzea”, nabarmendu du.

Gutiérrezen iritziz, edozein hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa, eta estrategikoa, da lan mundua euskalduntzea: “Ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan”. Norabide berean, Ziurtagiria eskuratzen duten eragileen garrantziaz aritu da “euskara lanean txertatzeko egiten duten ahaleginak lan mundua ez ezik gizartea bera euskalduntzeko ere garrantzi izugarria baitu. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, haien esparruan eta inguruan euskararen normalizazioa sustatzen ari baitira”.

Zentzu horretan, Lemoako saltoki, enpresa eta elkarteetako ordezkariak “Ziurtagiriaren Elkartearekin batera” urrats biziak ematera gonbidatu eta ausardiaz jokatzera animatu ditu, beti ere, euskara egunerokotasunean erabiltzeko helburuarekin.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin