Lea-Artibaik jaso ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak

Ondarroako Kafe Antzokia Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketaren lekuko izan zen atzo iluntzean. Bertan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Lea-ArtiBAI Euskarari taldeak antolatuta, eskualdeko 43 enpresak, komertziok eta era guztietako entitateek jaso zuten Ziurtagiria Joseba Goienola Kaskok gidatu duen ekitaldian.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen normalizazioan eragiteko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten 43 enpresak, saltokik eta bestelako entitateek egiten duten lanaren aitortza egin zuen atzo iluntzean Ondarroako Kafe Antzokian. Ekitaldian, besteak beste, Arkaitz Illarramendi Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikaria, Lea-ArtiBAI Euskarari taldeko ordezkariak eta Ziurtagiria jaso zuten enpresa, komertzio eta bestelako entitateetako arduradunak izan ziren.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikariak emandako datuen arabera, Ondarroan hemeretzi Ziurtagiri banatu ziren; Lekeition, hamar; Markina-Xemeinen, zortzi; Gizaburuagan, lau; eta Etxeberrian eta Mutrikun bana. Euskararekin duten konpromisoa berritu edo lehen aldiz sinatu dutenen artean hogeik “Zerbitzua eta Lana euskaraz” maila lortu dute, beste hamaseik “Zerbitzua euskaraz” maila eta gainontzeko zazpik “Bidean” maila.

Gaur egun 1.400 Ziurtagiri inguru daude –1.378 zehatz-mehatz–. Horietako 209, % 15 pasatxo, Bizkaian. Portzentajeak aztertuz gero, horietako % 21 Lea-Artibai eskualdean daude. Eta datu horri erreparatu zion atzo iluntzeko banaketa ekitaldian. Arkaitz Illarramendi Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko teknikariaren hitzak adierazgarriak izan ziren: “Nahiko genuke Bizkaiko beste eskualdetan antzeko kopuruak lortzea”.

Bizkaian hedapena

Horren harira, Ziurtagiriaren Elkartea Bizkain zabaltzeko hedapen kanpaina egiten ari dela azaldu zuen. “Aurreko urtean ezarritako erronketako bat Bizkaian Ziurtagiri kopurua areagotzea izan zen. Orduz geroztik hainbat hedapen kanpaina egin ditugu Urrats Biziak Bizkaian izeneko egitasmoaren baitan. Durangon, Galdakaon, Lemoan izan gara, eta aurrerantzean Bizkaiko hedapenarekin jarraitzea aurreikusten dugu. Hemengo datuak berdintzea zaila izango da, baina urreratzea lortzen badugu, konforme geundeke”.

Ziurtagiriaren Elkartearen teknikarik, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten entitateak zoriondu ondoren, norabide berean “urrats biziak” ematen jarraitzera animatu zituen Kafe Antzokian bildutakoak. “Ezinbestekoa da euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenei horretarako aukerak eta erraztasunak ematea”. Zentzu horretan, Lea-ArtiBAI Euskarari taldearen jarrera txalotu eta elkarlanean jarraitzera animatu zituen.

Arkaitz Illarramendiren hitzetan, edozein hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa, eta estrategikoa, da lan mundua euskalduntzea: “Ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan”. Norabide berean, Ziurtagiria eskuratzen duten eragileen garrantziaz aritu da “euskara lanean txertatzeko egiten duten ahaleginak lan mundua ez ezik gizartea bera euskalduntzeko ere garrantzi izugarria baitu. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, haien esparruan eta inguruan euskararen normalizazioa sustatzen ari baitira”.

Ibon Aginaga Lea-ArtiBAI Euskarari taldeko ordezkariaren hitzetan, “benetan txalogarria da gure eskualdeko elkarte, merkatari, ostalari, enpresa, hedabide eta abarrek gai honen inguruan hartu duten jarrera. Askotan, eskualde euskaldun batean bizi garela eta dena eginda dagoela uste dugu, eta batzuetan, ia ohartu ere egin gabe, gaztelerara jotzen dugu. Ziurtagiriaren Elkartearekin batera egindako horrelako ekimen eta lanketek gizartean eragiten laguntzen digute, eta era berean, herritarrok daukagunaz harro egotera, geure hizkuntzan eroso sentitzera eta tratua euskaraz egitera animatzen ditugu. Merkatariak bezeroari tratua euskaraz egiteko aukera ematen dio, eta hori bezeroak asko eskertzen du”.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin