Bai Euskarari Laguna Saria Anaje Narbaiza bergararrak jaso du, Antzuolako Elay enpresako metrologia arduradunak. Autoetako piezak egiten dituzte mundu osorako eta 1987an lana euskaraz egin nahi zutela erabaki zuten, tartean zen gure saritua. Elay aitzindaria izan da euskara planak txertatzen, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Zerbitzua eta Lana euskaraz” maila eskuratu zuen lehendabiziko enpresa izan zen, 2002an. Saria Anajek jasoko badu ere, Elayren saria dela dio.
Kirmen Uribe, Xabier Mendiguren Bereziartu, Joxe Anjel Iribar… eta laugarren edizioan Anaje Narbaiza eta Elay.
Hirurak erreferenteak dira euskararen munduan. Sariak haien maila berdinean jartzen gaitu, eta horrek sekulako poza ematen digu. Errekonozimendu handia da eta hunkituta gaude, eta apur bat beldurtuta.
Zein ekarpen egin diozue euskarari?
Lana euskaraz egin daitekeela sinistea, eta sinisten genuen hura gauzatzea posible dela azaltzea. Zentzu horretan, atzetik datozen enpresentzat eredu bat ezarri dugu. Bi horiek nabarmenduko nituzke.
Prozesu guztia azaltzea ezinezkoa da, baina mugarriak zehaztea eskatuko dizut.
1987. urtean langile batzordeak, sindikatu guztien babesarekin –ELA, LAB, CCOO eta UGT– eta aho batez, euskaraz lan egin nahi zuela onartu zuen, eta proposamena aurkeztu zen zuzendaritzan. Egitasmoak finantzazioa behar zuen, eta Eusko Jaurlaritzak urte eta erdi beranduago froga pilotu moduan garatzea onartu zuen. Elhuyarrek bideragarritasun plana egin zuen, eta lehenengo ekintza planak 92ko otsailean abiatu genituen. Lau urteren buruan enpresak hartu zuen bere gain euskara planaren ezarpena. Euskara Batzordea sortu zen eta bertatik kudeatu zen.
Prozesua gorabeheratsua izango zen.
Ekilibrista moduan aritu gara, oreka mantendu nahian. Antzeko eredurik ez zegoen, eta ibilian ikasi dugu. Erabakiak hartu eta hartutako erabaki horiek zuzendu. Prozesua eta prozedurak sistematizatzea izugarri kosta zaigu, baina 1987an zientzia fikzioa zirudiena errealitate bilakatzea lortu dugu.
Hamar egun atzera, ekainaren 18an, beste urrats kualitatibo garrantzitsua eman zenuten.
Hala da, bai. Normalizazio fasera pasatu gara. Euskara planak, euskara batzordea… desagertu egin dira, eta euskara txertatzeko prozedurak enpresa politikan integratu dira erabat. Jada ez da nahikoa piezak ongi egitea, segurtasun neurriak errespetatuz eta hondakin gutxi sortuz. Hiru zutabe horiek ziren Elayren ezaugarri, orain laugarren hanka gaineratu dugu, euskaraz egitea.
“Lehenengo baldintza lana euskaraz egitea posible dela sinistea da, haratago noa, onuragarria dela sinistu behar dugu”
Nola aktibatu daiteke euskara alor sozio-ekonomikoan? Nork gidatu behar du prozesua? Enpresek, langile euskaldunak kontratatuz; administrazioak, euskara lehenetsiz; langileak, hizkuntza eskubideak aldarrikatuz…
Lehenengo baldintza euskaraz lan egitea posible dela sinistea da, haratago noa, onuragarria dela sinistu behar dugu. Sinismen horretan guztiok egin behar dugu bat: administrazioak, enpresak eta langileak. Baldintza hori emanda, administrazioak baliabideak jarri behar ditu, baliabide indibidualak, hemen ez du balio kafesnea guztiontzat ereduak. Langileek traktore lana egin behar dute, bultzada emanez. Eta enpresek aplikatu behar dute onuragarria dela sinetsiz.
Sinistearen garrantzia aipatu duzu. Sinisten da?
Oraindik ez. Bi ustek kalte handia egiten dute: beldurrak eta ulermenak. “Euskaraz esaten badut ez didate ulertuko”, pentsamendu horrek izugarrizko kaltea egiten digu, lehenengo hitza euskaraz egiteari beldur diogu. Beraz, hor badago aldaketa premia bat. Euskaraz hitz eginda ez dugu inor kaltetzen, alderantziz, erregalo bat egiten gabiltza: hizkuntza bat, euskara kasu honetan, oparitzen ari gara.
Ulermena aipatu duzu bigarren faktore gisa.
“Euskara ez dakitenak baztertu egingo ditut” horrek ez du hankarik ez bururik. Ez, ez dugu inor baztertzen. Erakutsi egiten dugu; hori bai, esfortzu bat eskatzen du, baina Erresuma Batura lanera doanak ingelesa ikasten duen bezala, hemen euskara ikasi beharko du. Errespetuz, beti ere. Gurean, adibidez, zenbait langilek plana onartu arren, eta arrazoi ezberdinak tarteko, euskara ikasteko ahaleginik egingo ez zuela adierazi zuen. Ez da ezer pasatzen. Epe luzeko perspektiba batean ez da garrantzitsua, langileak aldatzen doazelako, eta enpresa da beti geratzen dena.
Maratoi luze honetan nola ikusten duzu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea bezalako erakunde bat?
Lan garrantzitsua betetzen du. Alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzia sustatu nahi badugu, enpresetara, handi, ertain eta txikietara, planteamendu serioekin heldu behar da, eta Ziurtagiriaren Elkarteak funtzio hori betetzen du. Gainera geografikoki oso eremu zabala hartzen du, Eusko Jaurlaritzak hartzen ez duen eremua.
Eusko Jaurlaritza aipatu duzunez, hark Bikain Ziurtagiria kudeatzen du. Eta bestetik Bai Euskarari Ziurtagiria dago. Elayn biak dituzue. Zein iritzi daukazu bikoizketa honen inguruan?
Halako Ziurtagiri batek izaera publikoa izatea egoki ikusten dut, eta horrela izan behar duela pentsatzen dut. Hori esanda, gaur egungo egoeran bi Ziurtagiri egoteak ez du zentzurik. Bata bestearen osagarri izateko baldintzak ematen dira, eta osagarritasun hori bideratu behar dela pentsatzen dut. Hitz eginez, akordioak lotuz. Hemen ez gara asko, ez dauzkagu mila errekurtso. Eta ezin gara errekurtsoak banatzen hasi. Enpresentzat ere, nahasgarria da bi Ziurtagiri egotea.
Nola irudikatzen duzu euskarazko lan mundua hemendik 10 urtera?
Izatez baikorra naiz, eta hobera egingo duela uste dut. Begira, 92an enpresa bakarra ginen. Gaur egun, komertzioak eta abar kanpoan utzita, 600 enpresek daukate Ziurtagiria. Beraz, ahalmena badago. Eta errepikatu egingo naiz, baina sinistea da gakoa. Ikusten dut gainera, hemengo enpresentzat ezinbestekoa dela euskara planak bideratzea eta hizkuntzen politikak finkatzea. Eta ikusten ditut enpresa horiek bide hori hartzen.
“Bi Ziurtagiri egoteak ez du zentzurik. Bata bestearen osagarri
izateko baldintzak ematen dira, eta osagarritasun hori bideratu behar da”
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin