Akuilu lanari eta konpromisoari saria

Berezia da aurtengo Bai Euskarari Sarietako bat. Izan ere, orain arteko gainontzeko zazpi sarituek bezala, ez du enpresa batek jasoko, talde edo kolektibo batek baizik: Leitza, Goizueta, Areso eta Aranon Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak, hain zuzen ere. Modu horretan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eskualde horretan Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresak saritu nahi izan ditu.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoak bederatzi urte daramatza Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko osatzen duten eskualdean, eta egun 44 dira Bai Euskarari Ziurtagiriarekin jarraitzen duten bertako entitateak.

2004. urteaz geroztik azpimarragarria izan da, eta izaten ari da, bertako ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresek Bai Euskarari egitasmoarekin eta lan mundua euskalduntzeko helburuarekin izandako konpromisoa.

Entitate horiek, zailtasun administratibo, sozial eta politiko guztien gainetik, beren eguneroko lan jardunean euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko helburua berretsi dute urtez urte. Eta neurri batean, beste zonalde batzuetakoentzat eredugarri dira, traktore lana egiten dutelako eta beren jokaerarekin eragile izaten ari direlako.

Horregatik, aurtengo Bai Euskarari Sarietako bat kolektiboa izango da eta enpresa bati eman beharrean, eskualde horretako Ziurtagiridunei maila kolektiboan ematea erabaki du Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaritzak.

Bezeroarekin harremanak

Nafarroako ipar-mendebaldeko alor sozio-ekonomikoan euskararen erabileran eragiten dute modu batean edo bestean. Izatez eremu euskalduna izanik, ahozko euskarazko harrera nahiko bermatuta zegoen; beraz lorpen handienak bezeroarekiko harreman-elementuetan egin dira, batez ere hizkuntza paisaian (kartelak, errotuluak, eta abar) eta bezeroarekiko idatzizko harremanean (aurrekontuak, kutxako tiketak, bisita txartelak, informazio orriak, eta abar).

Dabid Anaut eskualdeko euskara teknikaria da. Eta ongi ezagutzen du bertako errealitatea. Bere iritziz, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak euskara sustatzeko akuilu lana egiten ari dira, “urratsa batzuk eman behar direla pentsatzetik, egitera jauzia dagoelako. Eta lan hori aitortu behar zaie”.

Euskara teknikariak pozik jaso du sariaren albistea: euskararen aldeko konpromisoak eta jarrerak eraman ditu eragile horiek guztiak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzera, eta ahalegin hori aitortzea eta ezagutzea eskertzekoa da, konpromiso hori indartzeko balio dezakeelako. Sariak, azken batean, bidean urrats batzuk egin direla erakusten du, eta urrats gehiago egitera bultzatzeko balio beharko luke.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin