"Ziurtagiri, ziurtagiri..." Igor Elortzaren bertso jarriak

Igor Elortza bertsolariak, Gari Otamendi arrabita-jolearen eta Josu Maroto marrazkilariaren laguntzarekin, bertso sorta gogoangarria eskaini zion Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteari. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ospatutako ekitaldian abestu zituen jarraian irakur ditzakezuen bertso sortak. Lehenengo bertsoak, Juana Bixente Olaberen doinuan abestu zituen, eta sakon aritu zen. Ekitaldia ixteko, Bizkaiko koplak izeneko doinua aukeratu zuen, umoreari bide emanez. Zuen gustukoak izango direlakoan, “Ziurtagiri, ziurtagiri…”.

LEHENENGO SORTA. Doinua: Juana Bixenta Olabe

Ziurtagiri, ziurtagiri
Zer duzu gordetzen ta zer ageri?
Euskara ta sozioekonomia
Bien ustezko dikotomia
Bihur litezke
Baten eskaintza besteen eske
Irabaziak lortzeko beste

Bai Euskarari, Bai Euskarari
Entzuten diot jende guztiari
Baina hizkuntzen kudeaketa
Ez da funts gabeko berriketa
Merkatu deman
Barne, kanpo ta albo harreman
Hobe da zeini berea eman

Enpresa-gizon, enpresa-andre
Batek iso dio besteak arre
Euskara ote den abantaila
Batzuetan da ulertzen zaila
Baina eskerrak
Guk ere baditugun liderrak
Bereizgarri bat bihurtzen berbak

Langileria, langileria
Sindikatua ta ordezkaria
Baduzu euskaragatik zer egin
Hitzarmenetan negozia dadin
Kolektiboki
Edo eta lantokiz lantoki
Gaur hortan ez naiz sartuko noski

Kontsumitzaile, kontsumitzaile
Bezero, erosle, bazkide, zale
Enpresa baten euskaltasuna
Da gizarte erantzukizuna
Berme ta guzti
Ez badugu exijitzen aski
Geuk ordainduko dugu garesti

Herri-hautetsi, herri-hautetsi
Sailburu, ahaldun ta zinegotzi
Jar itzazue araubideak
Berma daitezen eskubideak
Eta delitu
Honek isunak zor ez baditu
Eredugarri dena saritu

Enpresarean, Enpresarean
Horra leiho bat mundu globalean
Euskaraz diharduten enpresa
Ugariren arteko babesa
Izan dadila
Arrantza sare bizi, abila
Arrain txikiak handien bila

Euskal lan-mundu, Lan euskal mundu
Euskaratzen mundu bete lan dugu
Nagiak astindu eta ekin
Eguneroko ahaleginekin
Ahal dira izango!
Euskal enpresak euskaldunago
Ta gizartea aberatsago

BIGARREN SORTA. Doinua: Bizkaiko koplak

Hausnarra ta prozesua...
Euskara, konpromezua
Utzidazue koplatzen
Zirikadaren mezua
 
Ziurtagiriarena...
Ederra gero izena!
B, E ta Z siglekin
BEZa ematen duena
 
Ebaluatzaileena...
Horixe bai lana dena!
Ez al da garai bateko
Eskola inspektoreena?
 
Ziurtagiridun jende...
Asko da eta halere
Erdiek ba ote dakite
Zigilua non den ere?
 
Zigiluek hiru maila...
Entenditzeko da zaila
Nola daramaten batzuk
Hainbesteko abantaila!
 
Enpresak euskalminean...
Ziklistak lez ezinean
Hiru-lau eskapatuta
Ta beste denak bidean!
 
Giputzek zenbat zigilu...
Nafarrek ere hainbat brillu
Bizkaiko enpresa ez da
Bizkaieraren ispilu
 
Ea bada Bizkaiatik...
Gailentzen garen ahatik
Euskaragatik ez bada
Gehiago izateagatik!
 
Ziurtagiriaz mintza...
Ta nola ahaztu Jaurlaritza?
Euskaraz ez dakit baina
Oso euskaldun gabiltza!
 
Bi zigiluk mila zimur...
Baina zertan izan bildur
Bat Bikain baldin badabil
Ta bestea berriz Ziur?
 
Hobe dut bertan bukatu...
Ondo esanak parkatu
Ta txarto esanak berriz
Lan-agendan apuntatu!

Hauxe da despedidea...
Badakizue bidea
Euskarak batuko ditu
Zuena eta nirea


Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin