Bidelagunak

Zertan asmatu dugu? Zertan ez dugu asmatu? Zeintzuk dira aukerak/erronkak? Hiru galdera horiekin heldu genien urte hasieran hausnarketa estrategikoaren lehen pausoei. Galderak nori egin izan zen lehenengo bidegurutzea. Geure buruari bakarrik egitea izango zen bide laburrena eta errazena, baina ez onena. Horregatik, Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zenetik hona, bidelagunak izan ditugunengana jo genuen galdera horiek egiteko asmoz.

Plan estrategikoen asmoa hiru-bost urterako estrategiak, helburuak eta ekintzak zehaztea izan ohi da, eta helmugara begira jarri ohi gara. Baina plan estrategikoa diseinatzerakoan, askotan emaitzari erreparatzen zaio, txostenari alegia, eta ez prozesuari, bideari. Amaierako txostena izatea ez da guk ezarri dugun helburua. Bidea, egiten ari garen heinean eraikitzen ari gara. Hasieratik hasten da bidea egiten, eta nola egiten den berak ere garrantzia du, ez helmuga edo helburuak bakarrik.

Horrelako prozesuetan, batzuetan dena planifikatzen, xehatzen eta ia-ia etorkizuna aurreikusten ere saiatzen gara. Alabaina, Plan Estrategiko hau amaitzen dugunean, abiapuntuko egoera eta une horretakoa desberdina izango da. Zein aukera dugu orduan? Plan Estrategikoen inguruan izan dugun kontzeptua eta lantzeko modua aldatzea. Gure estrategia eraikitzeko orduan, pentsatu-egin-pentsatu-egin zikloa osatu, eta horrela, inguruko egoera-aldaketei malgutasunez eta arin erantzuteko gaitasuna izango dugu.

Hobetzeko, eraldatzeko bidea egingo dugu. Lan munduan euskararen normalizazioan eragiteko sortu zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, eta asmo horri gogoz helduko diogu aurrerantzean ere. Horretarako, egin behar dugunaren zertzelada nagusiak mahai gainean ditugu: Bai Euskarari Ziurtagiriaren komunitatea indartu, ziurtagiria tresna modura sendotu, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko eragile izan, eta egiteko moduari, lidergoari eta komunikazioari dagokienez, elkartea eraldatu.

Orain arteko hausnarketan bidelagun izan ditugu, edo gara, eragile taldeko kideak, ziurtagiridunak, zuzendaritzako kideak, Kontseiluko kideak eta lankideak, erakunde publikoak eta proiektuan urteotan modu batera edo bestera parte hartu izan dutenak. Eskerrik asko guztioi, eta hausnarketan jaso dugun ekarpena orain bidelagun guztiei bueltan ematea dagokigu.

Arritxu Zelaia, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakaria

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin